
Iazko probako irabazleak gizonezkoetan: Pedro Muñoz (ezkerrean) azkoitiarrak bigarren egin zuen, eta Yerai Valerak aurrena (Argazkia: Bittor Mutiozabal)
Gero eta indar handiagoa ari da hartzen San Silbestre lasterketa, eta aurtengoan ere ehunka lagunek korrika agurtuko dute urtea eskualdean, urte berria osasuntsu hasteko.
Urola Kosta eskualdean sei herritan egingo dute San Silbestreko proba; Aian, Azpeitian, Getarian, Orion, Zarautzen eta Zestoan. Azpeitian, Getarian eta Orion goizean izango dira lasterketak, eta gainontzeko herrietan arratsaldean. Orion, gaur bertan zabalduko dute izena emateko aukera.
Azpeitikoa, ezagunena
Eskualdean korrikalari gehien biltzen duena Azpeitikoa da; Xeye Azkoitiko eta Azpeitiko Atletismo taldeak eta Urola Kostako Hitza-k elkarlanean antolatu dute hamabigarren aldiz. Gainontzekoak bezala, lasterketa herrikoia izan ohi da Azpeitikoa, eta aurtengoan izen emate bateratua prestatu dute antolatzaileek; hala, Diego Garciaren Oroimenezko Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdian eta Azpeitiko Sansilbestren aritu nahi duenak merkeago izango du inskripzioa. Bi saioetarako izena ematen dutenek txip horiarekin 25 euro ordaindu beharko dute, eta txipik ez dutenek, berriz, 30 euro. Kasu horretan, izena www.kirolprobak.com webgunearen bitartez eman behar da.
Zumaian ere korrikan amaituko dute 2012a, baina Biko Lasterketa Mistoa egingo dute. Gizon eta emakumezkoek osatutako bikoteak arituko dira korrikan, bizikletan eta patinetan. Bikotekide bat korrika arituko da, eta bestea patinetan, lasterketan edo bizikletan. Sari banaketa 13:30ean izango da.
Lasterketak: abenduak 31, astelehena
- Aia. 17:00etan, plazan. Helduek zirkuituari bi itzuli (hiru kilometro) eta haurrek itzuli txiki bat egingo dute. Ez dago aldez aurretik izena eman beharrik.
- Azpeitia. 10:30ean, benjamin neskak, eta 10:40ean, benjamin mutilak, 700 metro; 10:50ean, alebin neskak, eta 11:00etan, alebin mutilak, 1.300 metro; 11:10ean, infantil neska-mutilak, 1.900 metro. Lasterketa nagusia 12:00etan, plazan. Kadeteek eta jubenilek 3.700 metro egingo dituzte eta gainontzekoek 7.300 metro. Izen ematea: eskolartekoek, probaren egunean, doan. Lasterketa nagusirako Azpeitiko Aitzaki kirol dendan, Azkoitian Plaza Berri Sport-en, HITZAren egoitzetan (Zarautzen eta Azpeitian, abenduaren 20ra arte) eta langabetuek Azpeitiko igerilekuan, sei eurotan. Internetez, www.kirolprobak.com. Txip horiarekin 10 euro eta gabe 12 euro. Kadeteek eta jubenilek 5 euro.
- Getaria. 12:00etan, plazan.
- Orio. Haurrak 11:30ean, Ikastola ondotik abiatuta. Karela kiroldegian eman behar da izena.
- Zarautz. Haurrak, 17:00etan, Musika Plazan. Helduak, 18:00etan. Lau kilometrotako ibilbidea izango da, eta antolatzaileek ordu erdi lehenago gerturatzea gomendatu diete korrikalariei. Dortsalak Helmuga Kirolak dendan eros daitezke, aurrez bi eurotan, eta egunean lau eurotan. Gehienez 500 dortsal salduko dituzte.
- Zestoa. 17:00etan, plazatik abiatuta. Hamasei urtetik gorakoek hiru kilometroko ibilbidea izango dute, eta besteek 1,3 kilometro. Izena aurrez Zestoako Kiroldegian eman behar da, eta egunean bertan plazan, 16:00etatik 16:45era plazan.
- Zumaia. 12:00etan, gazteak; 12:30ean, helduak (5660 metro). Benjamin eta aurre-benjaminek 250 metro; alebinek, infantilek eta kadeteek 2km. Izen ematea Lubakin. 13:30ean izango da sari banaketa.