Bertsotan agurtu dute Joxe Agirre

Urola Kostako Hitza 2012ko abe. 18a, 10:18

[caption id="attachment_53279" align="alignleft" width="350" caption="Ezkerretik eta gertuenetik hasita, Murua, Loidisaletxe, Lazkano, Mendizabal eta Uranga (Nerea Uranga/Hitza)"][/caption] Joxe Agirre bertsolari azpeitiarrari azken agurra eman zioten atzo iluntzean ehunka lagunek. Oranda-ren familia eta gertukoez gain, bertso eta kultura munduko aurpegi ezagun ugari bildu zen Azpeitiko parrokian bertsolari maitatuari azken agurra ematera; hala nola, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Sebaxtian Lizaso,  Imanol Lazkano, Jose Luis Gorrotxategi, Laxaro Azkune, Mikel Mendizabal, Sustrai Colina, Xabier Euzkitze, Amets Arzallus, Xabier Amuriza, Jexux Mari Irazu, Haritz Etxeberria Ministro, Leire Ostolaza, Aitor Mendiluze, Jon Lopategi, Angel Larrañaga, Txomin Garmendia, Jon Azpillaga, Millan Telleria, Jokin Sorozabal, Joxe Mari Iriondo, Inaxio Perurena eta Beñat Gaztelumendi. Bertsoekin agurtu zuten bertsolari handia, eta hainbat bertsolarik bertso bana eskaini zioten azpeitiarrari, eliza goraino beteta zela. 19:00etan hasi zen haren aldeko hileta elizkizuna, eta ordurako jendetza elkartu zen eliza aurrean. Imanol Lazkano, Jon Maia, Mikel Mendizabal, Iñaki Murua, Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe  eta Jokin Uranga bertsolariek eraman zuten hilkutxa parrokiara, eta elizkizuna amaitu zenean, aurreskua dantzatu zioten Agirreri, eta txistulariek Agur Jaunak jo zioten. Joan den larunbat goizean zendu zen Agirre. Alabarekin gosaldu ondoren, zorabiatu, eta hil egin zen. Azkenaldian osasunez makal samar bazebilen ere, haren heriotzak ezustean harrapatu ditu senideak. 83 urte zituen, eta 60 urte baino gehiagoz aritu zen plazarik plaza bertsotan. Orain gutxi arte jardun du kantuan. Xabier Euzkitzek hala idatzi du, pasa den abenduaren 6an Oñatiko Gaumendi baserrian lagunartean kantari aritu zela Agirre. «Haiek izango zituen azkenak», adierazi du Euzkitzek. «Izarraizko azeritzat» jo du, «basa eta zorrotza, bizia eta zuzena, arraza jakin bateko azken bertsolaria». [caption id="attachment_53280" align="alignright" width="350" caption="Hileta elizkizunaren une bat. Bertso munduko ordezkari asko lehen ileretan (Nerea Uranga/Hitza)"][/caption] Izarraiz magalean dagoen Oranda Behekoa baserrian jaio zen Agirre, 1929an, eta bertan bizi eta lan egin du. Gazte zela hasi zen bertsotan, baina txapelketak baino, plazak zituen gogoko; Martirietan, Madariagan edota Aizpurutxon ibiltzen zen hasieran, eta ezagun egin zenetik Euskal Herriko plaza ugari zapaldu zituen. Hala ere, bertsolari txapelketetan parte hartzea ez zuen oso gogokoa izan. «Nere txapelketako funtzioa ez da izugarria izan, ez dut balio izan horretarako. Niri txapelketak ez dit mesede handirik egin, gaizki pasatzen nuen gainera. Bertsolaria sufritzen ikusterik ez du nahi herriak, bertsolaria ondo ikusi nahi du eta hori ez da beti gertatzen», aitortu zion Agirrek Urola Kostako Hitza-ri 2009an, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaren bezperetan. Hain zuzen, berak jantzi zion txapela Maialen Lujanbiori. Txapela jantzi, lau bertso kantatu eta txalo zaparrada ikaragarria jaso zuen ordukoan. Harribitxitzat zuen Imanol Lazkanok hainbat plazatan lagun izan duen Agirre. Orain gutxi Urola Kostako Hitza-ren Arkupean gehigarrirako Aitor Manterola kazetariak egindako elkarrizketan hauxe zioen Lazkanok: «Joxe Agirre bat, nik esango nuke Basarriren aldaketak eta geroztikakoak ere gutxien kutsatu duten bertsolaria bera izango dela. Baina begira ze harribitxi! Denok dakigun bezala, Joxe Agirrek eskola oso gutxi du, eta bere eguneroko bizibidea ere nahiko baserri bakarti batean egin duenez, hiri girotik nahiko urrun ibili dela esan liteke, baina bere bertsokera bizi eta zorrotza bere erara izugarri landu duen bertsolaria izan da. Beste lau edo bost bertsolari unibertsitarioak direnekin behin baino gehiagotan kantatu badu ere, inork ez du esango inon desentonatu duenik; alderantziz, jaialdia jantzi, bere bertso bitxiekin». Azpeitiarren artean ez ezik, bertsolaritzan aritzen diren askok oso maitea zuten Agirre. Bost belaunalditako bertsolariekin aritu izan da bertsotan, Uztapidekin hasi eta Amets Arzallusen belaunaldikoekin aritzeraino. Agirrek behin baino gehiagotan esan zuen gazteen alboan gustura egoten zela, eta horiek ere oso gertukoa zuten Oranda.  Jokin Urangak honako bertsoekin agurtu du: Zure ondoan egoten nintzen/zer ikasiko, zer suma/ezin daiteke neurtu neukan/zuganako maitasuna/apenas inork lortu dezaken/Joxe zuk lortu duzuna/nahiz orain egon iluna/argituko da eguna/dudarik gabe badakit zein den daukadan eginkizuna/zure bilobei erakustea/zuri ikasi nizuna!! Xabier Euzkitzek asko estimatzen zuen Agirre, eta lehendabizikoz Azkoitiko Urrategi auzoan ikusi zuela dauka gogoan, Lasarterekin batera; «hura izan zen ni bertsolaritzarekin zaletzeko gakoa». Euzkitzek bezala, Sebastian Lizasok ere txikitatik ezagutzen zuen Agirre, eta honek ere hizketan «zorrotza» esan du: «Ez zen bigarren arrazoiaren bila ibiltzen. Kalean ere berdin jokatzen zuen». Joan den larunbatean, Agirre zendu zen egun berean, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala jokatu zen, eta han ere azpeitiar bertsolaria gogoan izan zuten saioaren hasieran eta finaleko hainbat unetan. 23an omentzekoa 2004an Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinakundeak elkarteko ohorezko bazkide egin zuen, eta Agirrek ekitaldian bertsotan esan zuen ez zuela merezi omenaldirik, «beti» egin izan zuena daukan «pixka bat» hori ematea izan zela, eta ohartzen zela «oraindik herriak maite» zuela. Hil honen 23an Erniarraitz Bertsozale Elkartea hari eta Imanol Lazkanori eta Joxe Lizaso zenari omenaldi bat egitekoa zen Azpeitian, Sanagustin kulturguneko bertso saio batean. Bertsozale elkarteak honako bertsoa egin du Joxe Agirre gogoan: Inoiz entzun nahi ez genuena/ heldu orduko gugana/ nahiz eta mina nagusitu den/ gure bihotzetan barna/ sentimentu bat soilik da pena/ pozak mendean daukana/ ohore handi bat izan delako/ zu ezagutu izana.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide