Gaur da Joxe Agirreren aldeko hileta elizkizuna, 19:00etan, Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2012ko abenduaren 17a

Joxe Agirre Oranda bertsolari azpeitiarra hil zen joan den larunbat goizean. Gaur da haren aldeko hileta elizkizuna, 19:00etan, Azpeitiko parrokian. 83 urte zituen. 60 urte pasa egin du Agirrek bertsotan, plazan, eta oso bertsolari maitatua zen. 2004an Uztarria Azpeitiko kultur koordinakundeak elkarteko ohorezko bazkide egin zuenean, Agirrek ekitaldian bertsotan esan zuen ez zuela merezi omenaldirik, "beti" egin izan duena daukan "pixka bat" hori ematea izan dela, eta ohartzen dela "oraindik herriak maite" duela. 2009ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusian berak jantzi zion txapela Maialen Lujanbiori. Agirrek, bertsotan egiteko aprobetxatu zuen aukera, eta bertso bat ez, baizik eta lau bota zituen. BECeko bertsozaleek txalo zaparradaz eskertu zioten. Hil honen 23an Erniarraitz Bertsozale Elkartea hari eta Imanol Lazkanori eta Joxe Lizaso zenari omenaldi bat egitekoa zen Azpeitian, Sanagustin kulturguneko bertso saio batean. Euzkitze: "Arraza jakin bateko azken bertsolaria" Xabier Euzkitzek bere Twitterrean idatzi du abenduaren 6an Oñatiko Gaumendi baserrian lagunartean kantari aritu zela Agirre. “Haiek izango zituen azkenak”. ”Izarraizko azeritzat” jo du Euzkitzek, “basa eta zorrotza, bizia eta zuzena, arraza jakin bateko azken bertsolaria”. Jokin Uranga bertsolariak, bere Facebook-eko orrian Joxe Agirre gogoan, hauxe idatzi du: Zorionak bizkaitar guztioi eta bereziki hiri Harkaitz,Joxe harro egongo duk!!! Zure ondoan egoten nintzen zer ikasiko, zer suma ezin daiteke neurtu neukan zuganako maitasuna apenas inork lortu dezaken Joxe zuk lortu duzuna nahiz orain egon iluna argituko da eguna dudarik gabe badakit zein den daukadan eginkizuna zure bilobei erakustea zuri ikasi nizuna!!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide