2013 erdialdean jarriko dute martxan Motondoren berreskuratze proiektua

Urola Kostako Hitza 2012ko abenduaren 14a

Gaur goizean Motondo paduraren berreskuratzen proiektua aurkeztu dute Aranzadi Elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Bioaniztasun Zuzendari German Alonsok, Orioko alkate Beñat Solaberrietak eta azken urteotan Doñanako behatoki biologikoko zuzendari izan den Fernando Hiraldo ornitologoak. Lehenik eta behin Motondo paduraren egungo egoera azaldu dute prentsa agerraldian. Berreskuratze proiektua idatzi duen Kimetz Etxeberria ingieneariaren esanetan "urte askotan zehar Oria ibaira paper fabriken hondakinak bota izan dituzte eta horrek ibaiaren egoera  asko okertu du; gainera, duela 40 urte Motondo paduran harri lubaketa bat eraiki zuten itsas isuriak saihesteko eta aurrerago inguruko industriek botatzen zituzten hondakin eta zaborrak pilatzen joan dira bertan". Egoera horren aurrean, 2013tik aurrera Motondo paduraren berreskuratze proiektuaren lehen fasea abiatuko dute. "Motondo azken urtetan Gipuzkoan berreskuratuko den lehen padura izango da eta  Oria itsasadarra Euskadi mailan erreferentziazko padura bilakatuko da modu horretan". Jasangarritasuna oinarri 2013 erdialdean martxan jarriko duten proiektua "jasangarritasunean" oinarritzen dela nabarmendu dute aurkezpenean. "Naturaren elementuen aurka egin ordez, haien dinamiken alde lan egingo dugu. Iraganean ipini ziren sedimentuak kendu eta hatzaldiaren habitata babestuko dugu. Gainera, padurara sartzeko ibilbidea aldatu eta itsasoaren nahiz ibaiaren fluxuak oztopatzen dituen dikea suntsituko dugu. Modu horretan, padurekin harreman estua duten landare eta fauna espezieen habitata berreskuratu nahi dugu" azaldu dute. Proiektu honi esker azken hamarkadetan Orioko itsasadarrari buruz izan den ikuspegia aldatu egingo da. Ramsar eta Natura 2000ren zuzenbideak jarraituz, "padurak merezi duen trataera lortuko baitu". Hiru fase Berreskuratze proiektuak hiru fase izango ditu. Lehenengo fasea bi ataletan banatu dute; lehen atala 2013ko udaberrian abiatuko dute eta Motondo paduran urtetan egin diren bete lanak desegingo dituzte; modu horretan hezegunearen %56a berreskuratuko dute. Lehen faseko bigarren zatian, egun padura eta ibaia banatzen dituen dikea botako dute, eremu horrek jatorrizko izaera berreskuratu dezan. Lehen fasea amaitzean Motondo paduraren %81a berreskuratuko litzateke eta egun aurrikusten dituzten diru-laguntzak jasotzen badituzte 2014 amaierarako lehen fasea bukatuta izatea espero dute erakunde eta eragileek. Bigarren fasean lurren gestioa aurrera eramango dute eta horretan inbertsioaren erdia baino gehiago gastatuko dute, 1.900.000 euro gutxi gora-behera. Etxeberriak azaldu duenez, "atal horretan errekuperazioa ez da horren agerikoa izango". Hirugarren fasean, berriz, paduraren erabilera publikorako plana sortuko dute eragile desberdinen laguntzarekin. Berreskuratze prozesua amaitzeko datarik ez dute zehaztu prentsa agerraldian. "Izan ere, diru-laguntzen arabera garatuko dugu berreskuratze plana".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide