Abenduaren 15ean, larunbata, Herrio Natur Taldeak antolatuta, 3. Jostailu Erabilien Azoka izango da egun guztian Plazan -eguraldi txarra egiten badu, frontoian jarriko da-.
Horretarako etxeetan erabiltzen edo behar ez dituzuen jostailuak badituzue, oraindik bada aukera horiei guztiei erabilpen berri bat emateko.
Azoka eguna baino lehen jostailuen bilketa egingo da. Gaur, abenduaren 14an, Kosta Tailerrean izango dira Herriokoak jostailuak jasotzen, 18:00etatik 20:00etara. Biltzen dugun guztia abenduaren 15eko azokan ikusgai jarriko dugu, goizean 10:30etik 13:30era eta arratsaldez 15:30etatik 18.00etara Herriko Plazan.
Bilketa egunetan etxetik ekarritako jostailuak sailkatuko dituzte Herrioko kideek. Horretarako, hiru kolore erabiliko dituzte: horia, urdina edo gorria. Nahi izanez gero koloretako txartel bat jasoko dute jostailuren bat utzi dutenek, gero, azoka egunean, kolore berdineko txartela duen beste jostailuren batengatik trukatzeko.
Mahaietan izango diren jostailu desberdinak ondo ondo begiratu eta gustukoena aukeratzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Egunean bertan, azokara hurbiltzen direnek egun horretan etxetik ekartzen dituzten jostailuak azokan jarritakoekin trukatu ahal izango dituzte.
Bukatzeko, larunbat arratsaldean, azken orduan, azokara jostailurik eramaten ez dutenek -txartelik ez dutenek- gustuko duten jostailu hori etxera eramateko aukera izango dute.