"Corrugadoseko gatazkari irtenbidea negoziazioarekin eman behar zaio"

Nerea Uranga 2012ko abenduaren 14a

Corrugados Azpeitiako langileek gaur goizean manifestazioa egin dute herriko plazatik lantegiaren sarreraraino, eta bertan LAB eta ELAko Enpresa Batzordeko ordezkariek prentsaurrekoa eman dute. EAEko Auzitegi Nagusiak 60 langile kaleratzeko Lana Erregulatzeko Txostena baliogabe utzi izanak, Enpresa Batzordeak egindako salaketari eta orain sei hilabete langileek hasitako grebari "arrazoia eman" dio. "Enpresak ez zuen negoziatu nahi izan, inposatu nahi izan zuen, eta epai honek oso argi erakusten digu gatazkak negoziatuz gainditu behar direla, eta ez ezarriz. Eta epai honek Corrugados Azpeitian lan harremanen jokalekua zein den erakusten digu", azaldu dute langileen ELAko eta LABeko ordezkariek. Akordiorik gabe, irtenbiderik ez dela esan dute langileen ordezkariek, "nahiz eta epaia onuragarritzat hartzen dugun, ez dugu gure borrokaren iparra galdu. Jakin badakigulako honekin ez dugula gatazka konponduko". "Langileontzat ezinbestekoa da industria-jardueraren iraupena bermatuko duen enpresaren konpromisoa", adierazi dute. Epaiari errekurtsoa jartzeko bost eguneko epea (asteartea, abenduaren 18 bukatuko da) dauka enpresaren zuzendaritzak. "Gure nahia, guk egin dugun bezala, enpresak negoziazioaren aldeko hautu irmoa egitea da, eta sortu berri den aukera hau ez alferrik galtzen uztea", gaineratu dute. "Ikusiko dugu epai honi errekurtsoa jartzen dion zuzendaritzak, hor ikusiko baita benetan zuzendaritzak negoziatzeko asmorik duen ala ez". Corrugados Azpeitian bihar (abenduak 15) sei hilabete beteko dituzte greban; ekainaren 15ean hasi ziren. "Enpresak ezarri nahi izan zizkigun neurrien aurka hasi ginen greban, eta epaiak akordioetara iristeko gure argudioak berretsi ditu. Inposatutako eredu baten kontra daramazkigu sei hilabete greban", azaldu dute. Norabide onean dabiltzala uste dute Enpresa Batzordeko ELA eta LABekoak, "borrokak ekarri gaitu honaino. Garaipen txiki hau Corrugados Azpeitiako langileok egin dugun borroka irmoari esker lortu da". Horregatik, "langile guztiak negoziazioa sustatzera eta gure lanpostuen eta gure familien etorkizunaren aldeko borrokan irautera" deitu dituzte.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide