Egitaraua
-Abenduaren 20an, osteguna, 19:00etan. Laia Manresa eta Sergio Dies zuzendarien Morir de dia dokumenatala emango dute. Bertan Trantsiziotik gaur egun arteko Kataluniako historia heroinaren ikuspuntutik jorratuko da.
-Urtarrilaren 24an. Brad. Beste gau bat barrikadetan dokumentala emango dute. Brad Will, dokumentalgile independientea Mexikoko Oaxaka hiriko gatazkan hil egin zuten 2006ko urriaren 27an eta bertan gertatutakoa jasoko du dokumentalak.
-Otsailaren 21ean, Edu Gonzalez zuzendariaren Ezkutuko zorra dokumenatala izango da. Bertan gaur egun mendebaldeko gizartearen kontsumo ohiturak sostengatzeko herrialde txiroek pairatzen duten egoera larria jorratuko da eta horren inguruan hausnartu.
-Martxoaren 21ean, Oriol Andrés, Carlos Castro eta Gemma Garcia zuzendarien Ziztadak-Tabanos dokumenatala ikusteko aukera izango dute herritarrek. Hau Euskal Herriko indarkeriarik gabeko borroka aktiboari buruzko dokumentala da. Bertan azken urtetan Euskal Herrian izan diren borroka desberdinak errepasatuko dira protagonisten eskutik: Kukutza, Lemoiz, Itoitz eta beste hainbat gatazka izango dituzte hizpide.
Getariako Harritan Blai Kultur Elkarteak euskal kultura sustatzeko eta horren inguruan hausnartzeko ekimena abiatuko du datorren astetik aurrera. Horretarako dokumental zikloa antolatu dute eta hilean behin emanaldi bat eskainiko dute, gai jakin bat ardatz hartuta.
Elkartetik jakinarazi dutenez, dokumentalak streaming bidez eskainiko dituzte, eta Harralde tabernan proiektatuko dira, zehaztutako egunetan, 19:00etatik aurrera.
Hausnarketa bideak irekiz
Argia aldizkariak eta Eguzki Bideoak kolektiboak euskarazko dokumentalen emanaldietarako sare bat antolatu dute, eta ekimen horren baitako lanak aurkeztuko dituzte Harralde tabernan. «Sarearen asmoa dokumental kritikoez baliatuz euskal kulturari bidea ematea da, eztabaida esparruak bultzatuz, libreak diren materialak zabalduz eta ikasleentzat doakoak diren jarduerak sortuz», azaldu dute Harritan Blai Elkartetik.
Getariarrei eta eskualdeko herritarrei egungo gizarteari zuzenean eragiten dioten gaien inguruan hausnartzeko aukera eman nahi die Harritan Blai Elkarteak, eta horregatik abiatuko dute datorren astean euskarazko dokumentalen zikloa.
Auzolana ekimenaren ardatz
Harritan Blai Kultur Elkarteak Argia aldizkariarekin eta Eguzki Bideoak kolektiboarekin martxan jarri duten dinamika «militantziaren» bidez garatu dela azaldu dute Harritan Blai Kultur Elkartetik. «Euskal Herrian garatzen diren proiektu askoren antzera, dokumental sare hau ere militantziaren ondorioz gauzatu da, bertan proiektatuko diren dokumental gehienak inolako diru laguntza eta subentziorik gabe euskaratu direlako» azaldu dute. Elkarlana eta auzolana izan da ikus-entzuneko lan horiek argitaratzeko eta sustatzeko bidea.
