Atzo goizean bi orduko geldialdia egin zuten KSB Itur enpresako langileek. Haien esanetan, enpresa «gatazka batean murgilduta» dago. «Lan hitzarmen duina» eskatzen dute beharginek. Espainiako Gobernuaren lan erreforma bere horretan aplikatu beharrean, lan baldintzak «enpresaren neurrira» egokitu ditzan eskatu diote zuzendaritzari, hain zuzen. Enpresaburuak, ordea, oraingoz ez daude prest negoziatzeko.
Hori dela eta, enpresa atarian bildu ziren atzo 140 bat langile, KSB Itur, hitzarmen orain zioen pankarta bati eutsiz eta protesta eginez. Bi orduz egon ziren bertan, 10:00etatik 12:00etara. Arratsaldeko txandako langileek ere bi orduko lanuztea egin zuten, 20:00etatik 22:00etara.
Urtebetez auzian
Iazko abendutik dator auzia. Iaz aldarrikatu zituzten lehenbizikoz «enpresaren neurrirako baldintzak» beharginek. «Urtebete igaro da, eta ez digute kasurik egin», salatu du langileen batzordeko lehendakari Jose Inaxio Peñak.
Orduan erantzunik jaso ez zutenez, langile batzordeak astero-astero protesta egitea erabaki zuen, lan hitzarmen duina lortzeko negoziazioa eskatzeko. «Abendutik, astean egun batez elkartu gara enpresa atarian. Urtea amaitzera doa, eta zuzendaritzak hitzik ere ez du egin auziaren inguruan», dio. Haren arabera, Adegi Gipuzkoako Enpresarien Elkarteak eskatu bezala, metalgintza sektoreko probintzia-hitzarmena zehaztu artean—2013ko maiatza arteko epea dago horretarako— ez duela «ezer esango» erantzun diete enpresaburuek.
«Guk erantzun diegu enpresa bakoitzak bere baldintzak dituela, eta horien araberako hitzarmena negoziatu nahi dugula. Jabeak eta langileak eztabaidatu eta adostasunean erabakitako baldintzak zehaztu behar ditugu, ez sindikatuek edota Adegik esaten duenaren araberakoak».
Neurri gogorragoak
Peñak jakinarazi du hurrengo geldialdia hilaren 29an egingo dutela, asteazkenean. «Zuzendaritzak ez badu jarreraz aldatzen, neurri gogorragoak hartuko ditugu». Izan ere, «etorkizun beltza» ikusten du Peñak. «Oso kezkatuta gaude, edozein momentutan aplika dezaketelako Espainiako lan erreforma. Hori gertatu baino lehen gure baldintzen neurrirako hitzarmena lortu nahi dugu».
Alde horretatik, langileek argi dute hainbat urteko borrokari esker lortutako baldintzen alde borrokan jarraituko dutela guztiek elkarrekin, horiek mantentze aldera.
