Corrugadoseko 60 kaleratuen inguruko epaia langileen aldekoa izan da

Urola Kostako Hitza 2012ko abe. 12a, 13:57

Corrugados Azpeitia enpresatik kaleratu nahi dituzten 60 langileen inguruko epaia Enpresa Batzordearen aldekoa izan da. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak Corrugados Azpeitiako kaleratzeen gaineko lana erregulatzeko txostena baliorik gabe utzi du, langileen alde eginez. Urriaren 16an izan zen epaiketa Bilbon, eta ordutik epai zai egon dira. Enpresa Batzordeko langileen LAB eta ELAko ordezkariek arratsaldean aztertuko dute epaia. "Aldeko epaia izan dugunez, berez, kaleratutako 60 langile horiek berriz ere plantilan onartu egin beharko lituzkete", azaldu du enpresa batzordeko kide batek. Corrugados Azpeitiako langileak kaleratzeen eta ezarri nahi dizkien murrizketen kontra greban ari dira ekainaren 15etik; larunbatean sei hilabete beteko dituzte. Urriaren 16ean izan zen kaleratzeen inguruko epaiketa. Baina, beranduago hasi zen, epaitegian bertan negoziatzen jardun zutelako bi aldeen abokatuek. Baina, orduan akordiorik ez zen lortu eta epaiketa egin zen. Epaiketako saioan, Corrugadosen jabe den Gallardo Taldearen abokatuek Azpeitiko lantegian ezarri nahi dituzten murrizketa berriak -60 langile kaleratzea, urteko lanaldiari 49 ordu eranstea eta soldatak %35 jaistea- defendatu zituzten, enpresaren egoera ekonomikoaren gaineko datuekin. 60 lagunen kaleratzea auzibidean jarri duten LAb eta ELA sindikatuetako langileen ordezkarien abokatuek eta despidoak bertan behera uztea eskatu zuten, Lan Sailaren txosten batean oinarrituta.
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide