Azkoitiko Aniztasun Kontseiluak Aniztasun Festa antolatu du larunbaterako eta hurrengo astearterako, eta hainbat kultura ezagutzeko hamaika ekitaldi izango da plazan eta Elkargunean. Festa aitzakia hartuta, ordea, herritarren arteko «elkarbizitza» sustatu nahi du Azkoitiko Udalak. «Elkar ezagutzeko eta ezezagunari diogun beldurrak kentzeko aukera polita da», adierazi du Urrategi Alberdik, Azkoitiko Udaleko zinegotziak. Azkoitia «jatorri askotako jendez osatutako herria» dela gogorarazi du zinegotziak, eta aniztasuna bermatzeko kontseilua bera «indartu» egin dutela adierazi du. Hala, Aniztasun Kontseiluak irudi berria izango du aurrerantzean. Etorkizuneko ekintzek Jatorri anitz, herri bat lemapean prestatuko ditu kontseiluak. Leloa ez ezik, irudia ere berria izango du. Udane Juaristik eta Maitane Alberdik logo bat sortu dute kontseiluarentzat, eliz atarian dauden barrikak oinarri hartuta. «Logoa egiteko herriko ikur esanguratsuena aukeratu dugu, irudia ikusterakoan Azkoitiarekin lotu dezaten. Uraren metafora erabili dugu; urak bide asko egiten ditu, eta itsasoan elkartzen da guztia gero. Tximeletak ere ageri dira logoan, aniztasunari erreferentzia eginez. Tximeleta mota asko daude, kolore askotakoak, eta metamorfosia ere izaten dute. Hala, pertsonak ere, batetik bestera joaten diren heinean, aldatu egiten dira», azaldu du Alberdik.
Kontseiluko kide Gaizka Astigarragak guztien aniztasuna landuko duen «sare iraunkorra» sortu nahi dutela nabarmendu du. Hala, «elkarren ezagutza eta aitortza ahalbidetzeko». Horrez gain, «bertakoen eta kanpotarren» arteko zatiketa bukatu egin behar dela dio. «Azkoitian jatorri askotako pertsonak bizi gara, eta denon artean eraiki behar dugu gure herria», berretsi du. Horrez gain, aniztasuna arlo guztietan txertatzearen aldeko apustua egin du, eta helburu horiek guztiak betetzeko erronkak zehaztu dituzte kideek. «Adibidez, ikusi dugu aniztasunaren eta elkabizitzaren inguruan ezjakintasun, mesfidantza eta zurrumurru ugari daudela, eta horiei aurre egitea da hurrengo urterako asmoetako bat».
Hala izanik, udalak Aniztasun Festan eta kontseiluan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak: «Zenbat eta azkoitiar gehiago batu, orduan eta ahots, ikuspegi eta irtenbide gehiago topatuko ditugu guztion artean, eta orduan eta hobea izango da elkarbizitza».
Aniztasun Festako egitaraua
Abenduak 15, larunbata
-09:30. Herriko txistularien goiz eresia.
-10:00. Plaza elkartu eta festari hasiera emango diote.
-11:00. Askotako arroz errezeten prestaketa, plazan.
-13:00. Arroz dastaketa, plazan.
-16:00. Te eta postre dastaketa, plazan.
-16:00. Musika emanaldiak plazan: Bakhayaye, Tere dantza arabiarrak, Judun taldea, Julian soinu-jotzailea eta DJ Korta y Pega.
Abenduak 18, asteartea
-10:00. Euskal dantza parte-hartzailea, Aitor Sorazuren eskutik, Elkargunean. Nahi duten guztiek hartu dezakete parte. Tea eta pastak egongo dira guztientzat.
