Etorkinen inguruan herrian «bolo-bolo» zabaltzen diren zurrumurruei aurre egiteko egitasmoa abiarazi du Zarauzko Udalak, SOS Arrazakeria elkartearekin batera. Aurreiritziak ekidin eta herritarren artean bizikidetza bultzatzeko helburuarekin sortu dute Zurrumurruen aurkako sarea, eta eragileak trebatzea du helburu, gerora «entzuten diren zurrumurruen aurkako diskurtsoa herritarren artean zabaltzeko». Horretarako tailer formatiboak antolatu dituzte. Bihar izango da lehenbizikoa, 18:00etan.
Xarxa Antirumors elkarteko kide Rafa Crespo historialari eta antropologoak gidatuko du lehenbiziko saio hori. Katalunian oso errotuta dagoen elkarte horren helburua elkarbizitza «oztopatzen duten funtsik gabeko» zurrumurruak amaitzea da,eragileak trebatuz. Hain zuen, zurrumurruak kudeatzeko estrategia komunikatiboak eta emozionalak izango ditu hizpide bihar.
Zurrumurruen eragina
Tailerrak bi zati izango ditu. Batetik, zurrumurruek nola funtzionatzen duten azalduko du, eta horiek nola eragiten duten gizartean. Horretarako, estereotipo, aurreiritzi eta zurrumurruek desberdintasun sozioekonomikoekin duten harremanaz ariko da, eta agenteak, espazioak eta sortze- eta hedatze-bideak aztertuko ditu. Gizarte anitzaren elkarbizitza posible izateko kultura arteko komunikazio gaitasunaren garrantzia ere nabarmenduko du.
Tailerraren bigarren zatian ekintzarako lanabesak aurkeztuko ditu. Besteak beste, zurrumurruen hedapena nola geldiarazi proposatuko du. Horretarako, estereotopikoak, topikoak eta zurrumurruak kudeatzeko esperientziez baliatuko da, adibide praktikoak aurkeztuz. Era berean, datu positiboak gizartean nola hedatu eta topikoak eta zurrumurruak kudeatzerakoan pertsonen arteko komunikazioari buruzko orientabideak azalduko ditu.
Etxezabalako lehenbiziko solairuko aretoan izango da tailerra, 18:00etatik aurrera. Ordu eta erdi iraungo du saioak. Immigrazio teknikari Julen Arangurenek jakinarazi du gainontzeko tailerrak urtarriletik aurrera izango direla. Besteak beste, SOS Arrazakeria elkarteko Agustin Unzurrunzagak eta Begiruneko Xabier Aierdik gidatuko dituzte. Zurrumurruen aurkako erantzunez eta zurrumurruek kultura eta identitatearekin duten harremanaz ariko dira, hurrenez hurren.
Programa prebentiboa
Programa prebentiboa izango dela aurreratu zuen Arangurenek Zurrumurruen aurkako sarea egitasmoaren aurkezpenean. Bizikidetza baketsua sustatu, herritarrak sentsibilizatu eta jarrera arrazistak gehiago ez zabaltzea du helburu. «Arrazoietara, erroetara joko dugu. Kanpotik etorritakoarekiko ezinikusia zerk eragiten duen ikusi eta horri aurrea hartzen saiatuko gara». Horretarako eragileak hezituko dituzte tailerron bidez.
Ildo horretatik, herritarrak animatu dituzte programan parte hartzera. Interesa dutenek Immigrazio sailarekin jarri beharko du harremanetan, 943-005197 telefonora deituta.
«Gu bezalakoa ez dena, kanpotik iritsi dena eta beste itxura, sinesmen edota bestelako erreferente kulturalak dituena, bestea, finean, ahulena da gizartean. Horei gure gizarteko gaitzen errua botatzen diogu, are gehiago pairatzen ari garen krisi garaian», adierazi zuen programaren aurkezpenean Zarauzko Udaleko Immigrazio zinegotzi Ane Eizmendik. Ildo horretatik, Zarautzen zabaldu diren zurrumurru nagusiak zeintzuk diren argitze aldera, pasa den hilabetean galdeketa bat egin zuten udaletik politikari, eragile, elkarte, komunikabide eta bestelako taldeei. Lau nabarmendu dituzte: Etorkinak gizarte laguntzei esker bizi dira, eta neurrigabe baliatzen dituzte, etorkinek lana kentzen digute, azken hamarkadako immigrazioaren ondorioz matxismo eta genero indarkeria areagotu egin da eta kaleko segurtasun falta handitu da.
