50 urteko ibilbidea argazkien bitartez

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2012ko abenduaren 11

Ez dira asko izaten herrian errotu eta 50 urte betetzera iristen diren kultur elkarteak. Aurten bete ditu Getariako Musika Bandak 100 urte, eta datorren urtean, 2013an hain zuzen ere, Gure Txeru Kultur Elkarteari iritsiko zaio txanda. Mende erdia beteko du orduan. Urteurrenaren harira, elkartearen ibilbidea jasotzen duen argazki erakusketa berezia antolatu nahi du Gure Txeruk 2013an, eta argazkiak biltzen ari da herrian. «Pasa den astean jarri genuen martxan ekimena. Ziur gaude, 50 urteko ibilbidea izanda herritarrek izango dituzte nahikoa argazki hori jasotzen dutenak», dio Gure Txeruko Jon Elizegik. «Argazkiak biltzea izango da gure erronka. Txuri beltzean, argazki album zaharretan eta ganbaran zapata kaxetan gordeta dauden irudiak biltzea, alegia». Herritarren bizipenak «Iaz Getariako Musika Bandak urteurrenaren harira antolatu zuen ekimena ideia polita iruditu zitzaigun», aitortu du. 100 urtetako lana bildu du liburu batean, eta disko bat ere kaleratu du, abesti esanguratsuenekin. Hala, Gure Txeruren inguruko modu horretako ekimenen bat antolatzea bururatu zitzaion. 50 urtean Getarian hainbat aldaketa izan direla jakin badakite elkarteko kideek. «Argazki erakusketaren helburua elkartearen ibilbidea jasotzea da, eta besbide horretan antolatutako ekimenetan aldaketarik izan den ere ikustea da. Gure Txeruk izaerari eusten dio hasieratik, hala uste dugu. Baina hau horrela den ala ez jakiteko ederki etorriko zaigu argazkiak [...]

Urteak daramatza Gure Txeru Elkarteak getariarrei euskal dantzak erakusten (Argazkilaria: Juan Martin Santos)

Ez dira asko izaten herrian errotu eta 50 urte betetzera iristen diren kultur elkarteak. Aurten bete ditu Getariako Musika Bandak 100 urte, eta datorren urtean, 2013an hain zuzen ere, Gure Txeru Kultur Elkarteari iritsiko zaio txanda. Mende erdia beteko du orduan. Urteurrenaren harira, elkartearen ibilbidea jasotzen duen argazki erakusketa berezia antolatu nahi du Gure Txeruk 2013an, eta argazkiak biltzen ari da herrian. «Pasa den astean jarri genuen martxan ekimena. Ziur gaude, 50 urteko ibilbidea izanda herritarrek izango dituzte nahikoa argazki hori jasotzen dutenak», dio Gure Txeruko Jon Elizegik. «Argazkiak biltzea izango da gure erronka. Txuri beltzean, argazki album zaharretan eta ganbaran zapata kaxetan gordeta dauden irudiak biltzea, alegia».

Herritarren bizipenak
«Iaz Getariako Musika Bandak urteurrenaren harira antolatu zuen ekimena ideia polita iruditu zitzaigun», aitortu du. 100 urtetako lana bildu du liburu batean, eta disko bat ere kaleratu du, abesti esanguratsuenekin. Hala, Gure Txeruren inguruko modu horretako ekimenen bat antolatzea bururatu zitzaion.

50 urtean Getarian hainbat aldaketa izan direla jakin badakite elkarteko kideek. «Argazki erakusketaren helburua elkartearen ibilbidea jasotzea da, eta besbide horretan antolatutako ekimenetan aldaketarik izan den ere ikustea da. Gure Txeruk izaerari eusten dio hasieratik, hala uste dugu. Baina hau horrela den ala ez jakiteko ederki etorriko zaigu argazkiak biltzea. Argazki erakusketaz gain, adineko herritarrek iritziak, pasarteak eta istorioak jaso nahi ditugu».

Getariarrek irudiak guretxeru@gmail.com helbidera bidali behar dituzte. Paperean dituztenak Gure Txeru Elkarteak Kale Nagusian duen lokaleko postontzian utzi ditzakete. «Hauek formatu digitalera pasako ditugu, eta behin hori egindakoan itzuli egingo dizkiegu. Eskertuko genuke argazkiekin batera informazio osatu ematea. Non ateratakoa den irudia, zer ekimen mota den, urtea, bertan gertatutako pasarteren bat…» . Halakoak jakin nahi dituztela azaldu du Elizegik. Bildutako argazkiak Gure Txeruren artxibategian gorde, eta jendaurrean jarriko dituzte.

Getariarren proposamenak
Gure Txeru Elkarteko batzordearen asmoa elkartearen urteurrena behar den bezala ospatzeko egitarau txukuna prestatzea da. «Egun Gure Txeruko batzordea zortzi lagunek osatzen dugu. Bi urtez izaten da lagun bakoitza batzordeko kide, eta urtero lau kide berri sartzen dira. Hala, sartu berriek esperientzia dutenengandik ikas dezakete», azaldu du. Batzordea badago ere, erabakiak denen artean hartzen dituztela nabarmendu dute Gure Txeruko kideek. «Gu elkartearen zatitxo bat besterik ez gara. Horregatik, Gure Txeruren 50. urteurrena ospatzeko herritarren ideiak eta proposamenak jasotzea gustatuko litzaiguke, denon artean azken berrogeita hamar urteetako bidea eta bizipenak gogoratzeko. Getariar guztientzat ospakizun eta urte polita izatea nahiko genuke».

Gure Txeru
Abenduko egitaraua
-Gabon kanta entseguak. Olentzerorekin kantuan ateratzeko entseguak abenduaren 15ean eta 22an izango dira, 18:00etan, Gure Txeruko lokalean.
-Euskal selekzioaren futbol partida. Abenduaren 29an Euskal selekzioak Boliviaren aurka lagun arteko partida jokatuko du. Gure Txeruk partida ikusteko sarrerak eta autobusa jarriko ditu. Sarrera eta autobusarengatik 25 euro ordaindu beharko dute bazkideek, eta 28 euro bazkide ez direnek. Izena abenduaren 15a arte eman daiteke, Iruretagoiena lurrin dendan eta Harritarten.
-Facebook soslaia. Gure Txeru Elkarteak Facebook sare sozialean soslaia sortu du.
Bertan elkarteko berriak, agenda eta ekitaldi berrien inguruko informazioa emango du elkarteak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide