Nolako jaiak, halako musika

Urola Kostako Hitza 2012ko abenduaren 10a

[caption id="attachment_52920" align="aligncenter" width="350" caption="Azpeitiko Tuba Jaialdiko kontzertu nagusia (Nerea Uranga/Hitza)"][/caption] Festa bakoitzari musika jakin bat egokitu zaio asteburuan Urola Kostan. Trikiti doinua izan da nagusi sanikolasetan, Orion. Zarautzen gitarraren asteburua izan da; ezin beste modu batera izan, Zarauzko XIX. Gitarra Jaialdia ospatu dute eta. Eta tuba musika izan da entzungai Azpeitian. Aparteko giroa izan da Orion herriko festetan. Trikitilariak kalez kale ibili ziren herenegun eguerdian, baserritarrek animaliak jarri zituzten plazan, eta taloak izan ziren dastagai plazan. Baina ez zen trikitiarena jaietako doinu bakarra izan. Adar hotsarekin egin zieten ongietorria sanikolasei asteazkenean, izan ere. Egunsentia Otxoteak Festetan kantua abestu zuen. Gainera, Danbolin Musika Eskolako bandak, Salatxo Abesbatzak, txalapartariek eta Harribil Dantza Taldeak San Nikolas martxa, Orioko Ereserkia eta Balearen kantua errepresentatu zituzten. Doinu gozoez gain, zartadaren bat edo beste ere entzun zuten herritarrek. Lau auto istripu izan dira Orion sanikolasetan, izan ere. Artean, zubiko ekitaldi nagusietakoa XIX. Gitarra Jaialdia izan da Zarautzen. Lau egun iraun ditu, eta Zarauzko Modelo aretoan egin dituzte saioak. Ikastaroak eta kontzertuak eskaini dituzte. Ostiralean iazko irabazleak, Eva Ponsek eskaini zuen saioa, eta haren atzetik Enrique Truan gitarra orkestra igo zen taula gainera. Larunbatean Eduardo Baranzanok, Jacarandak eta Bartzelonako Ensemble de Guitarras taldeak eman zuten kontzertua. Sariak ere banatu dituzte. Maitane Ezpeleta Ojinagak eta Jorge Brea Gonzalezek irabazi dute Zarauzko XIX. Gitarra Jaialdia, lehenak goi mailan, eta bigarrenak erdi mailan. Eduardo Baranzanok, Eva Ponsek eta Juan Carlos Lorenzok osatu dute epaimahaia. Modelo aretoaren barruan gitarra jotzen zuten bitartean, bestelako doinuak ziren entzungai kalean, Erdi Aroko Azokan. Urtean urtean eskaintza osatuagoa da. Abenduko zubian Zarautz erdigunean giroa jartzen dute saltzaileek, eta artisau gaiak erosten ez dutenek ikusmiran jarduten dute postuetan. Azpeitian, berriz, tuba jaialdi «arrakastatsua» egin dute asteburuan. Hala adierazi dute antolatzaileek. Ostiralean, tubaren inguruko ikastaroa eman zuten, eta Brassband kontzertua eskaini zuten Sanagustin kulturgunean. Larunbatean ere izan ziren saioak, Soreasun. 100 bat lagun bertaratu ziren. Kontzertuarekin batera, antzerkiaz ere gozatu ahal izan zuten ikusleek. [caption id="attachment_52921" align="alignleft" width="350" caption="Eva Pons Zarauzko XIX. Gitarra Jaialdian (Leire Ventas/Hitza)"][/caption] [caption id="attachment_52923" align="alignleft" width="350" caption="Trikitilari gaztetxoak herenegun eguerdian Orion, sanikolasetan (Aiora Larrañaga/Hitza)"][/caption] [caption id="attachment_52922" align="alignright" width="350" caption="Asteburuan, musikariak Zarauzko Erdi Aroko Azokan (Leire Ventas/Hitza)"][/caption]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide