Zestoako TS Fundicioneseko langileek greba hasiko dute hurrengo astean, zuzendaritzak 49 langile kaleratzeko erabakia hartu duela salatzeko. Datorren astelehenetik ostegunera bitartean egingo dituzte lanuzteak, eta gabonetako oporraldien ostean, urtarrilaren 8an, greba mugagabea hasiko dute. Beharginek gaur egin dute asanblada, eta bertan erabaki dute grebarekin hastea. Goizean, berriz, zuzendaritzarekin elkartu dira ordezkari sindikalak, eta horien arabera, zuzendaritzak aurreko astean hartutako erabakiari eutsi dio. “Zuzendaritzak berearekin segitzen du, eta kaleratzeak derrigorrezkoak direla diote. Horrez gain, ez dute planteatzen negoziazioak hastea. Jarrera agintzailearekin ikusi ditugu gaurko bileran”. Horren aurrean, “irtenbide bakarra borroka” dela adierazi dute.
Gabonetako oporraldietan, berriz, mobilizazioak egingo dituzte aurreratu du Enpresa Batzordeak; bihar bertan, Leire Etxeberria Zestoako alkatearekin elkartuko dira, egoeraren berri emateko. Ostiralean, berriz, auto karabana egingo dute Arroatik Zumaiako, Zestoako eta Itziarko enpresetara.
Zestoako TS zuzendaritzak kaleratzeetarako Enplegua Erregulatzeko Txostena aurkeztu zien joan zen asteazkenean langileei, 49 langileren zerrendarekin. Txosten honek 49 langilen kaleratze kolektiboa eragingo du, Enpresa Batzordearen arabera. Hauek salatu dute zuzendaritzak ez duela langileen antzinatasuna kontutan hartu; “15 eta 17 urte artean lanean dabiltzan langileak zerrenda horretan daude”.
