Motondoko proiektua gizarteratzeko hainbat saio egingo dute abenduan

Onintza Lete Arrieta 2012ko abenduaren 7a

[caption id="attachment_52800" align="alignleft" width="350" caption="Motondo eremura irteera bat egingo dute abenduan (Ane Olaizola/Hitza)"][/caption] Orioko Udalak jakinarazi duenez, Motondoko natur eremua babesteko proiektu aurrera doa. Oinarrizko exekuzio proiektua eginda dago, eta proiektu orokorra idazten ari dira orain. Hala, abendurako hainbat ekitaldi iragarri ditu udalak. «Parte-hartze prozesuko lehenengo fasea» izango da, hain zuzen ere. Abenduko hirugarren astean hasiko dituzte saioak, besteak beste: proiektuaren aurkezpena; Euskal Herriko eta Espainiako adituen hitzaldiak; eta Urdaibaira eta Motondora irteerak abenduko asteburuetan. Proiektuaren aurkezpena eta hitzaldiak Orioko Kultur Etxean izango dira. Dena dela, udaletik jakinarazi dute datozen egunetan egitarau osoa zehaztuko duela «Aranzadi elkarteak, Orioko Udalarekin elkarlanean». 116.000 euro gehiago Eusko Jaurlaritzak babes bereziko eremu izendatu du Oriaren itsasadarra. Urriaren 16an hartu zuen erabakia, eta eremu hori babesteko ezarri beharreko neurriak ere onartu zituen. Oriaren itsasadarra ez ezik, beste 13 ibai eta estuario KBE Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu zituen. Udalarentzat, «dekretu honen helburua garbia da: eremu hauetan aurkitzen diren habitat naturalak mantendu eta berreskuratzeaz gain, hauek etorkizunean bermatzeko neurri zehatzak hartzea». Orioko itsasadarraren KBE deiturikoaren barruan dago Motondoko eremua. GKL Garrantzia Komunitarioko Leku izendapena du, eta proiektua egiteko hainbat diru laguntza eskuratu du azken urteetan. 2010eko urte amaieran eremua berreskuratzeko 254.000 euroko diru laguntza jaso zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailetik, eta orain aste batzuk beste diru laguntza bat eskuratu du: «2012ko azaroaren 16an, Orioko Udalak egindako eskaerari erantzunez, Ingurumen Sailak ebatzi du proiektu honi beste 116.000 euro ematea». Aranzadik eremuaren natur-balioen azterketa egina du, eta aurtengo urtarrilean aurkeztu zuten jendaurrean. Orain, exekuzio proiektu orokorra idazten ari da zientzia elkartea. URA agentziarekin elkarlana Motondo eremua babesteko bidean, hainbat eragile eta insituzio ari da elkarlanean. Esaterako, Eusko Jaurlaritzari dagokio halako eremuak arautzea. Udalak, berriz, diru laguntzak eskatu eta proiektua esleitu du. Aranzadi zientzia elkartea ere tartean da, udalak hari esleitu baitzion natur eremua berreskuratzeko proiektua egitea. Herrio natur taldeak eta Orioko Surf Taldeak ere hartu izan dute parte gaiaren inguruan zabaldutako prozesu parte-hartzaileetan. Azkenik, udalak jakinarazi du URA Uraren Euskal Agentziarekin harremanetan diharduela 2011tik, proiektua bultzatzeko asmoarekin: «Elkarlanerako bideak irekita daude, URAk proiektuari babesa emana dio eta egun elkarlanerako hitzarmenaren zirriborroa egiten ari gara», azaldu du udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide