Juan Karlos Irizar piano-jotzaile eta musikariak 34. diskoa kaleratu du, eta oraingoan bere jaioterriari, Oñatiri (Gipuzkoa) eskaini dio lana. Hemeretzi abesti instrumentalez osatutako diskoa da Oñati eta Oñatiko auzoak, eta aspaldian bueltaka zuen egitasmoa gauzatu du Aizarnazabalgo bizilagunak horrekin. «Zorretan» sentitzen zen, izan ere. «Urte asko daramat nire herriari musika egiteko ideiari bueltaka, eta gauza guztietan bezalaxe, oraintxe izan da une egokia niretzat. Oñatiar guztiei eskerrak eman nahi nizkien honen bidez», adierazi du Irizarrek. Hiru urtez egin du lan musikariak diskoa eskuartean izateko. Hiru abesti Oñatiren ingurukoak dira, eta gainontzekoak bertako auzo bakoitzari eskaini dizkio. «Auzo batzuetan aspaldi egon gabe nengoen, eta batzuk oso urruti badaude ere, guztiei nahi nien oparitxo bat egin». Abestietako bat ezpata dantza bat da, eta kriskitin doinuekin uztartu du, herriko «ezaugarrietako bat»delako. «Euskal Herrian ez da erabiltzen, baina Oñatin kaskainetarekin dantza egiten dute». Horrez gain, Agurra abestia sortu du, zortziko doinuarekin.
Aizarnazabalgo bizilaguna gustura dago egindako lanarekin. «Doinu hauek osatzen asko gozatu dut; oso gustura egon naiz. Entzuten dutenek ere gustukoa izatea espero dut, sentimendu handia jarri baitut doinu bakoitzean».
Pianoa «ahots nagusia»
Diskoko «ahots nagusia» pianoa dela adierazi du aizarnazabaldarrak, baina hainbat laguntzaile izan du alboan, eta abestiak
oboe, eskusoinu, txistu, txalaparta eta saxofoi doinuekin osatu ditu. «Askotan ez dago orkestra sinfoniko baten beharrik sentimendu sakon eta garbiak pertsonengana helarazteko. Egun ditudan musika tresnez baliatu naiz. Doinu dotoreak, lasaiak eta erromantikoak egitea izan da nire helburua, eta lortu dudala uste dut».
Durangon, postu propioa
Kaleratu berri duen lana Durangoko Azokan jarriko du salgai datozen egunetan. «Ezin da material guztia jarri, baina nire ibilbideko azken lanak behintzat jarriko ditut ikusgai, baita partiturak ere». Irizarrek adierazi du azokaren hastapenetatik hartzen duela parte bertan. Hasieran argitaletxeen eskutik saltzen zituen diskoak, baina ondoren bere kasara egiten hasi zen. «Ohartu nintzen neuk ere egin nezakeela haiek egiten dutena». Dagoeneko urte asko dira modu horretara jartzen duela postua, «inongo argitaletxen menpean egon gabe». «Sortzailea naiz, eta egokiagoa ikusten dut modu horretara saltzea nire lana, beste batzuk nire sormenaz aprobetxatu beharrean. Ez zait ondo iruditzen niri kostatu zaidan lanaz beste batzuk etekina ateratzea».
Bere irizpideei tinko eusten dio musikariak, eta era horretara lan egitea «zailagoa» dela izan arren, «meritu handiagoa» duela uste du. «Lana nik egiten dut, nik ordaintzen dut, eta bezeroak ere nik egiten ditut. Beraz, saldu ere neuk egiten dut. Hori baino negozio garbiagorik ez dago».
