Zestoako TS Fundicioneseko Enpresa Batzordeak Urola Kostako Hitza-ri jakinarazi dionez, zuzendaritzak kaleratzeetarako Enplegua Erregulatzeko Txostena aurkeztu die gaur langileei, 49 langileren zerrendarekin. Txosten honek 49 langilen kaleratze kolektiboa eragingo du, Enpresa Batzordearen arabera. Honen aurrean, asanblada egingo dute hurrengo astelehenean (abenduak 10), eta greba mugagabea hasiko duten edo ez erabakiko dute orduan; 13:30ean elkartuko dira, TSren Arroako enpresaren aurrean.
Zuzendaritzak, hasiera batean, borondatezko kaleratzeak egitea erabaki zuen, horretarako langileei borondatez aurkezteko aukera emanez. Baina, orain aurkeztu duten kaleratze zerrendan borondatez izena emandako batzuen izenak ez direla agertzen salatu dute langileen ordezkari sindikalek; «zerrenda osatzeko Arroako eta Zestoako enpresetako langileen artean bikoizketak daudela adierazi du zuzendaritzak, eta kaleratuen izen abizenak zehazteko informeak egin dituzte». Langileak kaleratzen hurrengo urteko urtarrilaren erdian hasiko direla aurreikusten du Enpresa Batzordeak.
Langileen ordezkariek gogor salatu dute zuzendaritzaren erabakia, eta «ulergaitza» eta «probokazio hutsa» dela adierazi dute.