[caption id="attachment_52723" align="aligncenter" width="350" caption="Odietan hamar etxebizitza ditu salgai Zumaia Lantzenek (Argazkia: Zumaiako Udala)"]

[/caption]
Zumaia Lantzen erakundeak %7 eta %10 bitartean merketu ditu Odietako etxebizitzak. Merkatuaren arabera egokitu ditu etxebizitzagatik ordaindu beharreko zenbatekoa, eta eskaintza berria egin du. Hala, aurrerantzean 211.000 eta 272.000 euro arteko prezioa izango dute etxeok. BEZ gehitu beharko zaio prezio horiei; urte amaierara bitartean %4koa izango da BEZ.
Odieta auzoan hamar pisu ditu salgai Zumaia Lantzenek. 50 eta 90 metro koadro bitartekoak dira guztiak, eta bi edota hiru logela dituzte. Jakinarazi dutenez, sukaldea prezioan sartuta dago, eta erosleak aukeran izango du hainbat eredu.
Etxebizitza horien inguruko informazio osatuagoa eskuratu nahi dutenek Zumaia Lantzeneko bulegoekin jarri beharko dute harremanetan, 943-143415 telefono zenbakira deituz, edota
zumaialantzen@zumaiakoudala.net helbidera mezu elektronikoa bidaliz.
Etxeak saltzeko zailtasunak
Baleike.com atariak jaso duenez, gutxienez 26 etxebizitza saldu beharko dira Zumaiako frontoi berria eraiki ahal izateko. Hori egun erronka da, ordea. Ikusi besterik ez dago Odietan eta Artadin gertatzen ari dena. Odietan oso gutxi saldu dira, eta Artadiko 15 etxebizitza tasatuentzako erosleak lortzea asko ari da kostatzen, finantziazio arazoak direla eta.
Bi enpresa aurkeztu dira udalak deitutako lehiaketa publikora, Sukia eraikuntzak eta Altuna y Uria, eta kontratazio mahaiak Sukiaren alde egin du. Baldintza pleguen arabera, enpresa ez da frontoia eraikitzen hasiko udalak trukean emandako Ardantzabideko lursailetan 26 etxebizitza saldu arte. Behin kopuru hori lortuta, enpresak 18 hilabete izango ditu frontoia eraikitzeko.
Aurreko lehiaketara enpresarik agertu ez zela ikusirik, uztailean baldintza pleguak aldatzea erabaki zuen udalak. Frontoia lortzeko operazioaren oinarria berbera da: erakundeak Ardantzabiden dituen bi lursail eskaintzen ditu frontoia eraikitzearen truke. Lursail horietan 38 etxebizitza daude aurreikusita, 32 tasatu eta sei babes ofizialeko. Aurreko bi deialdiak ustelak izan ziren, eta udalak baldintzak leundu behar izan ditu enpresak erakartzeko. Horrela, enpresa ez da lanean hasiko 26 etxebizitza-erosle ziurtatu arte. Behin hori lortzen denean, udalak Sukiari emango dizkio lursailak, eta frontoia eraikitzeko 18 hilabeteko epea kontatzen hasiko da.
Enpresa eraikitzaileak frontoiaren kostua bermatuko du, 3,5 milioi euro jarrita. Lanak aurreratu ahala, bermea itzuliko zaio, zatika. Udaleko teknikariek ziurtatu beharko dute lanak aurrera doazela, eta egindakoaren balioa neurtu. Horrela, frontoiaren lanak erdizka geldituko balira, udalak aukera izango luke lanak amaitzeko geldituko litzatekeen bermearen zatia baliatutzeko.