Azpeitiko Udalak batzorde kopurua erdira jaitsi du: hamabitik seira

Nerea Uranga 2012ko abenduaren 5a

Hemendik aurrera hamabi udal batzorde izan beharrean sei izango ditu Azpeitiko Udalak. Atzoko udalbatzarrean aho batez hartu zuten erabakia Bildu, EAJ eta Hamaikabateko zinegotziek. Batzordeak bat egin eta kopurua jaisteko erabakiaren arrazoia, «eraginkorragoak izatea, lana hobeto egitea eta gutxiago kostatzea» izan da, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearen (Bildu) esanetan. Hiru sail nagusitan banatuko dira udaleko sei batzordeak: sailak lurraldea, ekonomia eta gizartea dira. Lurraldearen baitan, Estrategia, hirigintza, ingurumena, udal langileria eta antolakuntza batzordea ariko da eta batzordeburua Eneko Etxeberria (Bildu) da; Ekonomia sailaren baitan, berriz, Ogasuna, industria, merkataritza eta turismoa batzordea, buru Manuel Unanue (Bildu) duela; Gizartea saila, berriz, lau arlotan banatuta ariko da: bata da, kultura, festak, gazteria, euskara eta hezkuntza batzordea, Mikel Ibarzabal (Bildu) buru duela; bestea, Auzoak, baserriak eta zerbitzu orokorrak, Aritz Epelde (Bildu) batzordeburu dela; hirugarrena, Gizarte zerbitzuak, hirugarren adina eta parekidetasuna, Leire Etxaniz (Bildu) buru duela; eta, laugarrena Kirola, Manuel Unanue (Bildu) batzordeburu dela.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide