‘Dedikazione’-tik dedikaziora

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko abenduaren 5a

Zu izan zara eta izanen zara eskaldunen ohorea, habea, iabea, sostengua eta kantabres fina, naturala eta egiazkoa». Horixe da Pedro Agerre Axular-ek Etxauzko Bertrandi egindako dedikazionea, Gero liburuan. Hari mutur horri tiraka hasi zen Martin Etxeberria Zuloaga (Donostia, 1945), eta Axularren eta Ziburuko Joannes Etxeberriren arrastoarekin egin zuen topo. Bi euskal idazle klasikoren lanen atzeko itzalei erreparatuta idatzi du Hitzen itzala (Gustav-eko Koadernoak) Zarautzen bizi den donostiarrak. Herenegun iluntzean aurkeztu zuen Garoa liburudendako sotoan. Bertan izan ziren baita ere  Kultura zinegotzi Gari Berasaluze, Anjel Lertxundi Andu idazlea eta Gustav-eko Koadernoak taldeko kide Xabier Etxabe. Kezka pertsonal bati erantzute aldera hasi zen Etxeberria han hemen informazioa bildu eta aztertzen. «Ez nuen ulertzen Bertranden eta Axularren arteko erlazioa, ezta zergatik deitzen zion hark Bertrandi kantabres fina ere», adierazi zuen. Kantabresa beira mota berezi bat zelakoan zegoen idazlea, «Venezian egiten denaren antzekoa». Itziar Gillen lankideak ezetz esan zion, ez zela beira mota bat, eta Etxeberriren pistan jarri zuen idazlea: «Etxauzko Bertrandi aipamena eta goraipemana egin ziola hark, eta dedikazione-tara iritsi nintzen hala». XVI-XVII. mendeetan liburuen sarrera gisara idazten zituzten aipamenak dira dedikazioneak. Haria horri tiraka, mahai gainean jarri ditu Nafarroako konkistaren eta Frantziako erlijio guden aztarna, Etxauzko Bertranden eta Richelieu kardinalaren arteko erronka, [...]

Ezkerretik eskuinera, Gari Berasaluze Kultura zinegotzia, Anjel Lertxundi idazlea, Martin Etxeberria Zuloaga Hitzen itzala liburuaren egilea, eta Gustav-eko Koadernoak elkarteko kide Xabier Etxabe, aurkezpenean (Hitza)

Zu izan zara eta izanen zara eskaldunen ohorea, habea, iabea, sostengua eta kantabres fina, naturala eta egiazkoa». Horixe da Pedro Agerre Axular-ek Etxauzko Bertrandi egindako dedikazionea, Gero liburuan. Hari mutur horri tiraka hasi zen Martin Etxeberria Zuloaga (Donostia, 1945), eta Axularren eta Ziburuko Joannes Etxeberriren arrastoarekin egin zuen topo. Bi euskal idazle klasikoren lanen atzeko itzalei erreparatuta idatzi du Hitzen itzala (Gustav-eko Koadernoak) Zarautzen bizi den donostiarrak. Herenegun iluntzean aurkeztu zuen Garoa liburudendako sotoan. Bertan izan ziren baita ere  Kultura zinegotzi Gari Berasaluze, Anjel Lertxundi Andu idazlea eta Gustav-eko Koadernoak taldeko kide Xabier Etxabe.

Kezka pertsonal bati erantzute aldera hasi zen Etxeberria han hemen informazioa bildu eta aztertzen. «Ez nuen ulertzen Bertranden eta Axularren arteko erlazioa, ezta zergatik deitzen zion hark Bertrandi kantabres fina ere», adierazi zuen. Kantabresa beira mota berezi bat zelakoan zegoen idazlea, «Venezian egiten denaren antzekoa». Itziar Gillen lankideak ezetz esan zion, ez zela beira mota bat, eta Etxeberriren pistan jarri zuen idazlea: «Etxauzko Bertrandi aipamena eta goraipemana egin ziola hark, eta dedikazione-tara iritsi nintzen hala». XVI-XVII. mendeetan liburuen sarrera gisara idazten zituzten aipamenak dira dedikazioneak.

Haria horri tiraka, mahai gainean jarri ditu Nafarroako konkistaren eta Frantziako erlijio guden aztarna, Etxauzko Bertranden eta Richelieu kardinalaren arteko erronka, Tubalen herentzia edo Garibayren lekukotza. Eta horren ildotik, «bi euskal idazleen hitzen atzeko itzaletan mendeetan ezkutatu den borrokoa ideologiko isila» azaleratu du.

«Haien liburuak irakurri ondoren, pentsatu nuen dedikazio horiek bazutela barruan harakatzeko moduko zerbait. Horiek agerian jartzen saiatu naiz liburu honen bitartez», nabarmendu zuen aurkezpenean. Eta horrek gogoeta «mingotsak» ekarri dizkio idazleari. «Bi mundu desberdin ordezkatzen eta aldarrikatzen zituzten bi idazle horiek: mundu berria Etxeberrik, eta egoera zaharkitua Axularrek. Desberdintasun horretan al dago Etxeberriren kaltetan Axularrek hain ospe abegikorra izatearen arrazoi ezkutua?».

«Irakurriak ditugu Axular eta Etxeberriren lanak, eta ezagutzen dugu historiografia. Baina ez ditugu frisoak edo banbalinak ezagutzen, atzean dagoena, alegia», azaldu zuen Lertxundik. «Eta ezkutuan badago nolabaiteko botere arazo politiko bat, eta gaur egun  errepikatzen den euskararen eta elebitasunaren inguruko auzia». Lertxundiren arabera, «ezkutuko» kontu horiek guztiak islatu ditu Etxeberriak  Hitzen itzala-n.  «Oso erraz irakurtzen den lana» dela esan zuen, eta dokumentatzeko «aukera zabala» ematen duena. «Motza izanagatik ere, asko esaten duen liburua da», nabarmendu zuen.

Hitzen itzala saiakera liburua idatzi ahal izateko, idazleak ere  dokumentazio lan zabala egin du; «harakatzera» dedikatu da «denbora askoan». «Ordenagailuko pantailaren aurrean jarrita gauak igarotzen nituen informazio bila». Hilabeteren buruan idatzi zuen liburua.

«Liburuak antzerki edota film baten gidoiaren formatua du», azaldu zuen Etxabek. «Hasieran pertsonaia bakoitza aurkezten du eta testuingurua azaldu. Irakurtzen ari zaren heinean, pelikula edota antzerki bat ikusten ari zaren sentsazioa ematen du, eta horrek ere mezua dauka. Nahiz eta Martinek liburuaren hasieran ez duela ezer berria egin dioen, pista interesgarriak ematen ditu».  «Batzuetan galdera moduan eta bestetan intsinuazio gisa», ekarpen «garrantzitsua» egin du Etxeberriak, Etxaberen hitzetan.

Ero eta heroi
Gustav-eko Koadernoak elkarteak argitaratu du liburua, Zarauzko Udaleko Kultura Sailak diruz lagunduta. Ildo horretatik, herenegun «pozteko eguna» zela nabarmendu zuen Berasaluzek. «Zarauztar bat letren esparrura itzuli da liburu batekin , eta udalaren izenean eskerrak eman nahi dizkiogu halako abentura ero eta heroikoari ekiteagatik».

Literatur ekimenaren ahalegina ere aitortu zuen Kultura zinegotziak, «gaur egun korrika ibiltzea hain ohikoa den sasoian halako ekimen bati eusteagatik». «Hori ere, ia-ia heroizidadea delako». Aleak Garoa liburudendan edota Elkar dendetan daude salgai.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide