Iñaki Iturain eta Marisa Arruabarrena Euskaraz gazte literatur lehiaketako irabazleak

Karkara.eus 2012ko abenduaren 5a

Lan gehiago aurkeztu dituzte olerkien sailera ipuinetara baino, guztira, 25

Astelehenean, Euskararen Nazioarteko Egunean, banatu zituzten Euskaraz Gazte literatur lehiaketako sariak udaletxean. Egun horren harira Jon Agirresarobe zinegotziak sari ban...

Lan gehiago aurkeztu dituzte olerkien sailera ipuinetara baino, guztira, 25

Astelehenean, Euskararen Nazioarteko Egunean, banatu zituzten Euskaraz Gazte literatur lehiaketako sariak udaletxean. Egun horren harira Jon Agirresarobe zinegotziak sari banaketan esan zuen euskaraz bizi eta bizi-bizi egiteak garrantzia duela eta literaturak aukera ematen duela horretarako, hizkuntzarekin gozatzeko.

Lehiaketako epaimahaia Ana Gonzalez de Txabarrik, Karkararen izenean; Eli Lasa, Aiako Udaleko kultur teknikariak; eta Jabier Zabaleta, Orioko Udaleko Euskara Zerbitzuko teknikariak osatu dute, eta Ana Gonzalez de Txabarrik eta Jabier Zabaletak eman zuten, hain zuzen ere, emaitzen berri. Epaileek jakinarazi zuten guztira 25 lan –olerkietan gehiago– jaso dituztela eta era askotakoak aurkitu. Horien artean aipatzeko modukoa iruditu zaie, lehen aldiz, Zaragozan bizi den 64 urteko oriotar batek ipuin bat aurkeztea eskuz egindako marrazkiz hornitua. Aurten saririk irabazi ez badu ere, animatu nahi  dugu idazten segitzera, gaia erakutsi du-eta.

Ipuin saila

  • 1. saria: Iñaki Iturain. 300 euro eta oroitagiria. Praxku eta Margarita lanak memoria historikoa du ardatz. 1936ko gerra bizi izan zuten Orioko bi baserritar edadetu ari dira hizketan gerrako kontuei buruzko ikuspegi kontrajarriak agertuz. Epaimahaikoen esanetan, irakurlea berehala jabetuko da gaiak emozioak sortzen dituela oraindik. Horren bila joan da egilea eta ederki lortu du
  • 2. saria: Garazi Urretabizkaia. 200 euro eta oroitagiria. Gai gordin bat jorratzen du Bizitza, triste eta ederra ipuinak: krisiaren eraginez, bere burua prostituitzera behartuta sentitu den  neska baten bizipenak kontatzen ditu, zuzen eta latz. Kontakizuna oso ondo garatzen du egileak eta euskara txukunean idatzita dago ipuina, diote epaimahaikideek.
  • 3. saria: Itziar Irastorza. 150 euro eta oroitagiria. Idatzi sinatu lana kontakizun sinpatikoa dela dio epaimahaiak. Bertan, bere bizitzaren errepasoa egiten du sinatu behar izan dituen agiri garrantzitsuak hari gisa baliatuz. Gustura irakurtzen da eta oso poliki idatzita dago.

Olerki saila

Olerkiak ipuinak baino gehiago aurkeztu dituzte aurten ere eta epaimahaikoek zaila izan dute aukeratzen. Hori dela-eta hiru sari nagusiez gain, bi accesit eman dituzte.

  • 1. saria: Marisa Arruabarrena. 300 euro eta oroitagiria. Urtzen doaz enarak lana. Epaimahaikoek diotenez, sinple-sinplea da olerkietako lehen saria irabazi duen poema. Sinplea, baina ederra. Sinplea eta ederra. Haiku japoniar baten erakoa, kasik: askorik esan ez, baina izugarri sujeritzen duena. Hitzak banan-banan aukeratu , egoki, eta buruz ikasteko moduko olerki ederra osatu du egileak.
  • 2. saria: Eñaut Martí. 200 euro eta oroitagiria. Salto egin eta arnasa hartu lana. Bere buruaz beste egitea beste erremediorik ikusten ez duen pertsona baten larruan jarrita, gaur-gaurko gai bati heldu diola jakinarazi dute epaimahaikoek eta ederki heldu ere. Kolpeka bezara ari da idazlea, labur, hotz, zuzen... eta bihotza uzkurtzeraino hunkitu gaitu. 
  • 3. saria: Andoni Fernandez. 150 euro eta oroitagiria. Maitale baten beharra bertso-sorta. Sei bertso dira, guztira, ondo jositakoak eta gustura irakurtzeko modukoak. Gainera, bosgarren bertsora arte maitalea zein den ezin dela jakin adierazi zuten epaimahaikoek.
  • 1. accesita: Ekain Zubizarreta. 100 euro eta oroitagiria. Agur eta ongietorri lana. Sentimendua dario olerkiari bor-bor, diote epaimahaikoek. Udako arrats beroak gorroto ditu egileak neguaren mezulari direlako. Eta, oroz gain, gorroto ditu ongietorri behar luketen agurrak. Gorrotoari gailentzen zaio maitasuna, hala ere, azken bertso ederretan: Maite ditut hamaika betazpi koloretsu zeru iluna argitzen. Lurri berriak berritsu, izara artean jolasten.
  • 2. accesita: Garazi Urretabizkaia. 100 euro eta oroitagiria. Ezberdina eta zer izenburua duen lanak 14 bertso ditu eta guraso batzuen ibilbidea kontatzen du elkar ezagutu zutenetik neska haurdun geratu eta Down sindromedun haurra izaten duten momentura arte eta haur hori onartzeko prozesua nola bizi duten ere. Epaimahaikoen hitzetan, bertso politak dira, ofizioz eginak


 

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide