TS Fundiciones enpresako zuzendaritzak 50 langile kaleratu beharra duela azaldu du, enpresaren “biziraupena” bermatzeko. Hala esan du egunotan kaleratu duen oharrean. Enpresako langileak joan den hilaren bukaeratik mobilizatzen ari dira ezarri nahi dizkieten murrizketen eta kaleratzeen aurka; gaur eguerdian euren egoera salatzeko panpinak jarri dituzte Zestoa eta Arroa arteko errepide bazter eta zubietan. Zuzendaritzak hartu nahi dituen neurrien aurrean langileek “preokupazio latza” dutela azaldu du Enpresa Batzordeak, “58 langile dira kaleratu nahi dituztenak, eta Zestoako tailerra ixteko asmoa iragartzen duten lehen mugimenduak egiten hasi dira: langile batzuk eta materiala Zestoako lantegitik Arroara pasatuta eta”.
Enpresako nagusiek datorren urtean fakturazioa “%30 baino gehiago” jaitsiko dela aurreikusten dute, 42 milioitik 28 milioira. “Horregatik, enpresako langile kopurua jaitsiera horretara moldatu beharra dago, bultzatutako bajen bidez”, esan du enpresaren zuzendaritzak. Nagusiek diotenez, TS Fundiciones enpresaren bezero batzuk enpresa barruan hasi dira fundizio lanak egiten, eta horrek Zestoako enpresan eskaria jaitsi du, “hainbat bezero euren fundizio propioak erabiltzen ari dira, kostuetan aurrezteko”. Horrez gain, orokorrean merkatuko salmentek ere behera egin dutela azaldu dute enpresariek.
TS Fundiciones enpresako langileak, ordea, ez datoz bat zuzendaritzak hartu nahi dituen murrizketa neurriekin eta joan den azaroaren 23tik mobilizatzen ari dira. “Lehen ere nahikoa sufritu dugu TSko langileok eta oraindik murrizketa eta kaleratzeekin jarraitu nahi du enpresako zuzendaritzak. Gainera, jarrera prepotentearekin eta Enpresa Batzordearekin ezertaz hitz egin gabe ari da jokatzen zuzendaritza”, azaldu dute langileen ordezkari sindikalek. TS Fundiciones enpresako nagusiek langile kopurua 178tik 120ra jaitsi nahi dutela salatu dute Enpresa Batzordekoek, “beraz, 58 dira kaleratu nahi dituzten langileak”. Kaleratzeko langile boluntario eske ari da orain enpresa, baina langileen ordezkarien arabera “gezurra esanaz”. “Enpresatik kaleratzeko boluntarioei egiten ari zaien eskaintza gezurra da. Eskaintza horren gainean abokatuekin hitz egin dugu eta ezinezkoa dela esan digute”. Lehen langilea kaleratu orduko grebara joko dutela esan dute TS Fundiciones-eko langileek.
Enpresa Batzordearekin zortzi hilabetez negoziatzen jardun dutela ere azaldu du oharrean TS Fundiciones enpresako zuzendaritzak, baina negoziazioetan akordiorik ez dutela lortu. Baina, Enpresa Batzordeak gezurtatu egin du zuzendaritzak oharrean dioena, “hori gezurra da, negoziaziorik ez baita egon. Zuzendaritzak bere neurriak hartu ditu, gu ezertarako kontutan hartu gabe”.