Euskararen Nazioarteko Egunean egin ohi duten bezala, atzo ere festa eta aldarria izan ziren nagusi Urola Kostan. Eskualdeko ikastetxeetan askotariko ekitaldiak izan ziren. Zarauzko Orokieta Herri Eskolan, esaterako, Orokieta irratia (89.9 frekuentzia) jarri zuten martxan, estreinakoz, eta Euskararen Egunerako prestatutako lelo, abesti, bitxikeria eta lehiaketa oro irratiz eman zituzten haurrek. Jolasorduan, berriz, kantuan jardun zuten, eta ondoren diskofestaz gozatu zuten; euskaraz, noski. Ikastetxeetan ez ezik, bestelako jardunaldiak ere antolatuta zituzten. Orion Euskaraz Gazte XIX. Literatur Lehiaketako sariak banatu zituzten, udaletxean. Iñaki Iturainek eskuratu zuen ipuinen sailean lehen saria, Praxku eta Margarita lanagatik. Urtzen doaz enarak izan zen lehenbiziko accesita irabazi zuen olerkia. Marisa Arruabarrenak idatzi du poema hori.
Zumaian krisiari aurre egiteko euskarazko hedabideen estrategiaz aritu ziren Berria Taldeko Hedabideen arduradun Iban Arregi, Tokikom-eko lehendakari Mikel Irizar eta Baleike herri aldizkariko zuzendari Gorka Zabaleta, atzo, Alondegian. Zarautzen, berriz, eremu txikiko hizkuntzak ezagutzeko aukera izan zuten herritarrek, etorkinen eskutik. Horrez gain, euskara ikasten dihardutenen ahalegina aitortu zuten, protagonistei diplomak banatuz.
Saltaka eta kantuan
Euskararen Nazioarteko Eguna atzo bazen ere, asteburuan hainbat ekimen izan zen hizkuntza horren alde. Urtero legez, Zumaian herritarrek saltaka aldarrikatu zuten euskaraz bizi nahi dutela. Makina bat haur eta heldu elkartu ziren itsas kiroldegian elkartasun korrikaldia egiteko. Aldarrikapenaz gain, festarako aukera ere izan zen. Katxaperoak, trikitilariak, joareak, jatekoa eta edatekoa…ez zen ezertxo ere falta izan larunbatean.
Zarautzen kantu jira egin zuten, larunbatero legez. Hilaren 1ekoa berezia izan zen, ordea. La Salle eta Antoniano ikastetxeetako, Orokieta Herri Eskolako eta Salbatore Mitxelena Ikastolako LHko ikasleek, gurasoek eta hainbat herritarrek hartu zuten parte, Mertxe Isastik eta Josu Txapartegi Txapas-ek esku soinuarekin, eta Jon Arruti eta Jaione Eskuderok gitarrarekin lagunduta. Aitorren hizkuntz zaharra, Agur Zuberoa, Euskalduna euskaraz, Bizitza kantu bat da eta Guk euskaraz abestiak entzun ahal izan ziren kaleetan zehar.
Getarian ere musikarekin lagunduta zabaldu zituzten herritarrek euskararen aldeko aldarriak lau haizetara. Kantu poteoan eta bertso afari musikatuan jendetza bildu zen larunbatean, eta igandean Gazte Alaiak txistularien kontzertuan izan ziren herritarrak.
Egitaraua borobiltzeko
Euskararen Eguneko egitaraua amaitzeko, bihar izango da azken ekitaldia. Euskararen egoera Azkoitian. Bada kezkatzeko arrazoirik? hitzaldia eskainiko du Karmen Irizarrek Azkoitiko Floreaga ikastetxeko bideo gelan, 15:15etik aurrera. Gaur, berriz, Telmo Esnal zinema zuzendariaren hainbat lan izango da ikusgai, Zarauzko Modelon, 19:00etatik aurrera.
