‘Zarauzko hizkuntza txikiak’ ekitaldia izango da astelehenean

Zarauzko Hitza 2012ko azaroaren 30a

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko Zarauzko Udalak beste hainbat ekimenen artean “Zarauzko Hizkuntza Txikiak” izeneko ekitaldia antolatu du. Zarautzen hitz egiten diren hizkuntzak 40 inguru dira, eta horietatik batzuk euskara bezala, er...

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko Zarauzko Udalak beste hainbat ekimenen artean “Zarauzko Hizkuntza Txikiak” izeneko ekitaldia antolatu du. Zarautzen hitz egiten diren hizkuntzak 40 inguru dira, eta horietatik batzuk euskara bezala, eremu urriko hizkuntzak dira.

Horiek  herritarrei ezagutarazi nahi dizkie udalak, baina ez hori bakarrik, kanpotik etorri eta euskara ikasten ari diren herritar berriei  esker ona ere azaldu nahi die. Beraz, ekitaldiak bi zati izango ditu: Lehenengoan zortzi hizkuntza ezagutaraziko dituzte protagonistek: aymara, bereber, guarani, katalana, galegoa, punjabi, quetziquel eta mandinga. Zortzi lagunek beren hizkuntzaren berri emango dute jatorrizko hizkuntzan eta laguntzaile batek interpretari lanak egingo ditu euskarara itzuliz, hau guztia herrialde horietako irudi eta doinuak erakusten dituen bideoz lagunduta.

Bigarren zatian, Zarauzko Udal Euskaltegian zein AEKn euskara ikasten ari direnak omenduko dituzte. Ohiko ikastaroetan zein etorkinentzako ikastaro eta egitasmo berezitan (AISA, AUZOKO, Mintzalaguna) dabiltzanek diploma bat jasoko dute alkatea eta zinegotzien eskutik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide