Zarauzko Gazteria sailak 2013. urtea zoriontzeko Gaztelekuko XIV. Txartel Lehiaketa antolatu du. 12-18 urte bitarteko eskualdeko gazteek hartu ahalko dute parte bertan. Egile bakoitzak nahi adina lan aurkeztu ahalko ditu. Horiek originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dute, eskuz eginak guztiak. Era berean, txartelek 15×10 zentimetroko neurria izan beharko dute. Kontuan izanik txartelak eskaneatuak izango direla, erlieberik gabeak izan beharko dute.
Lanak aurkezteko epea abenduaren 6an amaituko da. Jakinarazi dutenez, horiek Gaztelekuan bertan aurkeztu beharko dira. Txartelak sinadurarik gabe aurkeztuko dira, eta atzeko aldean idatzitako lemaren bitartez identifikatuko dira. Horrekin batera, kartazal itxi bat aurkeztuko da: kanpoko aldean, txartelaren lema azalduko da; eta barruko aldean, berriz, egilearen izen-abizenak, adina, helbidea, telefono zenbakia eta Nortasun Agiriaren fotokopia jasoko dira.
Epaimahaia honakoek osatuko dute: Gazteria zinegotzia, teknikaria, Gaztelekuko koordinatzailea eta Zarauzko artista gazte bat.Sariei dagokionez, hiru banatuko dituzte. Lan politena egiten duenak 150 euroko txartela eskuratuko du, Murkil Zarauzko dendarien elkarteko dendatan erabiltzeko. Bigarren sailkatzen denak, berriz, 100 euroko txartela jasoko du eta hirugarrenak Gaztelekuko gabonetako ekintza guztierara doan joateko aukera izango du, lagun bat gonbidatuz.
2012ko abenduaren 30ean jakinaraziko da irabazlearen izena, hautatuak izan diren lanen zerrendarekin batera, www.zarautz.org eta www.zarautzgazte.net web orrietan eta Gaztelekuko urte amaierako festan. Saria eman gabe utzi ahal izango da. Aurkeztutako lanak Zarauzko Udalaren esku geratuko dira, lehiaketa amaitu eta epaimahaiaren erabakia jakitera ematen denetik 15 egunera jasotzen ez badira.