Hilabeteko azken ostegunero legez, ekitaldi berezia antolatu dute gaurko Kafe Torero kultur egitasmoko ordezkariek. Izan ere, Kimuak katalogoko zenbait film labur eskainiko dute Euskalduna tabernan, 21:30etik aurrera.
Euskadiko Filmategiak urtero Kimuak izeneko lehiaketa antolatzen du, Euskal Herrian sortzetako film labur esanguratsuenak aukeratu eta lan horien ahalik eta zabalkunde handiena egiteko helburuarekin. Horretarako, Euskal Herriko hainbat herritan antolatzen dituzten ikus entzunezko ospakizunetan eskiantzen dituzte eta baita mundu zabaleko zenbait zinemalditan aurkeztu ere, «udaberriarekin batera euskal laburgintzan ernatzen diren kimuak jaso eta munduko txoko guztietara eramateko» asmoarekin. Hori dela eta, nazioarteko sari ugari irabazi dituzte katalogo horren baitako lanek.
Hain zuzen, horietako zazpi aurkeztuko dituzte bihar iluntzean Kale Nagusiko tabernan, zehazki: Telmo Esnalek zuzendutako Amona Putz! (Egoitz Lasa zarauztarrak eta Nagore Aranburu eta Kontxu Odriozola azpeitiarrek parte hartu du aktore lanetan), Kote Camachoren La gran carrera, Jose Mari Goenagak zuzendutako Lagun mina, Koldo Almandozek zuzendutako Columba Palumbus , Asier Altunaren Artalde, Jon Garañok zuzendutako On the Line eta Un novio de mierda, Borja Cobeagak zuzendutako lana.
Azken urteetako zazpi «harribitxiz» gozatzeko aukera izango dute, beraz, bertaratzen direnek. «Oso estilo ezberdinetako film laburrak izanik, azken urteetan gure artean egin duten zinemaren nondik norakoak erakusteko eta ulertzeko bidea emango digute, seguru», adierazi dute antolatzaileek. Horretarako, bertan izango da Goenaga zuzendaria ere. Ordiziarrak, Lagun mina laburmetraia zuzentzeaz gain, On the Line lanaren produktoreetako bat ere bada. Era berean, Lucio dokumentala edota 80 egunean luzemetraiaren sorkuntza prozesuan parte hartu du. Emanaldiaren ostean, solasaldia izango da harekin. Ohi bezala, ekitaldirako sarrera doan izango da.
