Datorren urteko udal aurrekontuak herriko eragileen eta herritarren parte hartzearekin osatu nahi ditu Zestoako Udalak. Hala, arloz arloko bilerak egiteko hitzorduak jarri dituzte, abenduaren 10etik 18ra bitartean. Aurreneko bilera hauetan jendearen ekarpenak eta iritziak jaso nahi dituzte, eta ondoren bileren bigarren itzuli bat egingo dute, urtarrilean. Hala, urtarrilaren bukaerarako arlo bakoitzeko bi bilera eginda izatea nahi dute, martxoan-edo 2013ko udal aurrekontuak erabaki eta onartzeko. Bileretan, dagokion batzordeari edota arloari buruzko egoera azalduko dute udal ordezkariek, hala bileretara sailari lotutako eragileetako ordezkariak ere deituko dituzte. Baina, batzar guztiak nahi duten guztientzako irekiak direla nabarmendu dute udal ordezkariek.
BILEREN EGUTEGIA:
Arloz arloko bilera denak udaletxeko pleno aretoan egingo dira.
- Abenduak 10, astelehena, 20:00etan. Ongizatea.
- Abenduak 11, asteartea, 19:00etan. Kultura, Euskara eta Gazteria.
- Abenduak 12, asteazkena, 19:00etan. Hirigintza eta Zerbitzuak.
- Abenduak 17, astelehena, 19:00etan. Ingurumena eta Baserriak.
- Abenduak 18, asteartea, 20:00etan. Kirolak.
