Preso eta iheslarien eskubideen alde Bilbon urtarrilaren 12an egingo duten manifestazioari atxikimendua emateko ekimenak antolatu ditu Zestoako Herrirak. Atxikimendua eman nahi dutenen argazkiak ari dira jasotzen eta argazkia ateratzeko bihar arratsaldean, larunbat goizean eta arratsaldean eta igandean plazara agertu dezakete. Joan zen asteburuan hasitako Egin klik! ekimena datorren asteburuan amaituko da. Horrez gain, bihar gaztaina jana egingo dute, 19:00etan, plazan. Halaber, leku berean gaiarekin lotutako irudiak ikusteko aukera izango dute herritarrek.