Euskararen Eguna Urola Kostan

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko azaroaren 29a

[caption id="attachment_52461" align="alignleft" width="350" caption="Maddi Gomezek irabazi du aurten Euskararen Egunaren harira antolatutako itsaskor lehiaketa. Argazkian, Zarauzko Salbatore Mitxelena, La Salle, Antoniano eta Lizardiko ikasle eta irakasleak, sari banaketan, herenegun (Amaia Ventas/Hitza)"][/caption] Euskararen Egunean, astelehenean, askotariko jardunaldiak egingo dituzte Urola Kostan. Eta Zarautzen saio berezia izango da. «Euskara da gure ohiko hizkuntza, baina eremu urriko hizkuntzei, beren herrialdetan egoera berezian daudenei, lekua egingo diegu egun horretan», nabarmendu du Euskara zinegotzi Gari Berasaluzek. Horiek protagonisten eskutik ezagutuko dituzte herritarrek datorren astelehenean, Modelo zinema aretoan, 19:00etatik aurrera. Ekitaldia antolatzeko, Immigrazio Sailarekin elkarlanean jardun du Zarauzko Udaleko Euskara Departamentuak. Azterketa baten arabera, herrian 40 hizkuntza inguru hitz egiten direla ondorioztatu dute. «Gehienak hizkuntza handiak dira, ingelesa, errumaniarra edota arabiarra, kasu. Euskararen antzera, eremu urriko hizkuntzak ere egon badaude, ordea», nabarmendu du Immigrazio teknikari Julen Arangurenek. Bederatzi hizkuntza Horiek ikustaraztea eta aitortzea izango da ekitaldiaren helburua, eta horretarako etorkinak igoko dira aretoko oholtzara, ama hizkuntzan hitz egitera. «Euren hizkuntzan hitz egingo dute haiek, zarauztarrek horren doinua eta hitzak entzun ditzaten». Gerora, itzuli egingo dira hitzok. Guztira, zortzi-bederatzi hizkuntza entzun ahalko dira Modelon: Paraguay eta Boliviako eta Argentinako zenbait probintzitan hitz egiten duten guarania,  Guatemala iparmendebaldeko kaqchikela, Titicaca (Bolivia) inguruan erabiltzen duten aimara, India eta Pakistan arteko punyabia, Senegalgo mandinga eta hizkuntza berebereak, tartean. Horrez gain, eremu txikiko hizkuntza horien egoera ere azalduko diete bertaratzen direnei, hiruzpalau minutuko bideoen bitartez. Irudiak eta musika ere ez dira faltako. Ekimen horrekin euskara hobeto ezagutu ahalko da, Arangurenen arabera. «Kultura anitzeko herri anitzean bizi garela erakutsi nahi da, eta horrek isla duela hizkuntzan. Haien ispiluan begiratuta, geurea ere hobeto ezagutuko dugu». Hizkuntza txikiez, euskara ikasten ari direnen ahalegina ere aitortu eta zorionduko du Zarauzko Udalak. Hala, diploma bana emango zaie Aisa eta Auzoko programen bidez edota Udal Euskaltegian zein AEKn ikasten ari diren herritarrei. Ipuin lehiaketako sariketa Zarautzez gain, Urola Kostako beste herriak hasi dira ekitaldiak prestatzen Euskararen Egunaren harira. Ekimen nagusiak egun horretan izango badira ere, zenbait herritan gaur hasiko dira ospakizunekin.  Zumaiako Alondegian, esaterako, Julene Azpeitia lehiaketako ipuinak irakurriko dituzte, ikasle gazteekin, herriko taldeetako ordezkariekin eta Zumaiako idazleekin. Ondoren, XXV. ipuin lehiaketako sariak banatuko dituzte, eta amaitzeko,  poesia emanaldia musikatua eskainiko du Miren Agur Meabek.   Urola Kostan herriz herri Euskararen Egunaren harira antolatutako ekitaldiak Azkoitia Abenduak 3, astelehena. - Egunean zehar. Hainbat ekitaldi egingo dute Xabier Munibe ikastolan: Potxin-Patxin pailazoen ikuskizuna, film emanaldia. 16:30ean, guraso elkarteak prestatuta, txokolatada. -17:15ean, Bigoterik gabe antzerki taldearen emanaldia. - Goizean, Floreaga ikastetxean: ginkanako zozketa, bertsoak, euskal dantzak... Abenduak 5, asteazkena. - 15:15. Karmen Irizarren eskutik, Euskararen egoera Azkoitian. Bada kezkatzeko arrazoirik? hitzaldia, Floreaga ikastetxeko bideo gelan. Azpeitia Abenduak 3, astelehena. - Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain. Goizez: Euskal musika, idazlea gelan, ikastolaren apainketa, ipuin kontaketak eta irratsaio berezia. Arratsaldez: jolasak eta askaria. - Iraurgi Ikastetxean. Goizez eta arratsaldez: Euskal musika, Banaiz, bagara leloaren lanketa, abestiak, dantzak, bertsoak eta antzerkia. Jolasak eta trikitilariak. - Urola Ikastolan. Ibilaldi neurtua, argazki eta irudi lehiaketa, jokoak eta kirol partidak. - Azpeitiko Ikastola Ikasberrin. Egun osoan: Euskal jolasak, Mari Domingiren bisita, aurpegi margoketak, ipuin kontaketa, hamaiketakoa eta Gabonetako zuhaitzaren apainketa. Errezil -Abenduak 3, astelehena. 15:00etatik aurrera, Errezilgo San Martin Herri Eskolan, abestiak, jolasak, marrazkiak eta gaztaina-jana egingo dituzte. Getaria Azaroak 30, bihar. Arrai Nastua batukada kalerik kale, Gazte Asanbladak antolatuta. Abenduak 1, larunbata. - 19:00. Kantu poteoa, Gazte Asanbladak antolatuta. - 21:30. Bertso afari musikatua, Gaztetxean. Abenduak 2, igandea. - 12:30. Gazte Alaiak txistulari taldearen kontzertua, elizan. - 19:00. Gazta zati bat dokumentala, eskolako aretoan.  Sarrera bi euro. Abenduak 3, astelehena. - 12:00. Eskolako atarian, kantuak eta txistua. Orio Abenduak 3, astelehena.  Euskaraz Gazte Literatur Lehiaketako sari banaketa, udaletxeko aretoan, 19:00etan. Zarautz -Abenduak 1, larunbata. Kantu jira 17:15ean, Donibane plazatik Musika Plazara bitartean. Jaione Eskudero, Mertxe Isasi eta Jon Arrutik antolatu dute. La Salle, Salbatore Mitxelena, Orokieta eta Antonianoko LHko ikasleek, gurasoek eta herritar orok hartuko du parte. -Abenduak 3, astelehena. Zarauzko hizkuntza txikien inguruko ekitaldia eta euskara ikasten ari direnei diploma banaketa, Modelo zinema aretoan 19:00etan. Irekia izango da. -Abenduak 4, asteartea. - 09:00-11:30.Telmo Esnalen Egu berri on, amona  filma emango dute, Modelon. Oteitza, Lizardi eta Monte Albertiako Batxilergoko ikasleei zuzenduta egongo da eta bi saio eskainiko dituzte: bata 09:00etan eta bestea 11:30ean. - 19:00.Telmo Esnalen Amona Putz!, Hamaiketakoa, Taxi eta Setio filmak emango dituzte, Modelon. Ondoren, solasaldia izango da zuzendariarekin. Zestoa -Abenduak 1, larunbata. Gaztelekuan 15:30ean hasita, Euskararen Egunarekin lotutako lip duba egingo dute. Zumaia Azaroak 29, gaur. - 16:00-19:00: Alondegian Julene Azpeitia lehiaketako ipuinen irakurketa publikoa. Segidan: XXV. ipuin lehiaketako sari banaketa eta poesia emanaldia musikatua: Miren Agur Meaberen Bitsa eskuetan. Azaroak 30, bihar. Aita Mari zineman, Gartxot , 22:00etan. Abenduak 1, larunbata. - 11:30:  Katxaperoak eta kalejira musika eskolako trikitilariekin eta Inpernupeko joareekin. - 12:00: Itsas kiroldegitik irtenda, Zumaian Saltaka. Bukaeran, salda eta txorizoa Torreberrin. Ondoren, bertsolariak, abesbatzak, trikitilariak, dantzariak… Segidan, kantu-saioa Beheko plaza eta Erribera kalean. - 18:30/22:15: Asterix eta Obelix. Maiestatearen zerbitzura filma, Aita Marin. - 12:30: Kontzertua Torreberrin. Abenduak 2, igandea. - 16:30/19:30:  Asterix eta Obelix filma, Aita Marin. Abenduak 3, astelehena. - 18:30:  Euskarazko hedabideen estrategiak sektorearen krisiari aurre egiteko mahai-ingurua, Alondegian.  Hizlariak: Iban Arregi, Mikel Irizar eta Gorka Zabaleta. - 19:30:  Asterix eta Obelix  filma, Aita Marin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide