‘Auzokideak’ antzezlana saritu dute Topaketetan

Urola Kostako Hitza 2012ko azaroaren 28a

Azpeitiko XXX. Euskal Antzerki Topaketetako Ikusleen Saria Phanta Rhei taldearen Auzokideak lanak irabazi du. Hala, 600 euroko saria jasoko du taldeak. Haur eta helduei zuzendutako antzezlana aukeratu dute Topaketetako obrak ikustera joandako herritarrek. Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeak aurtengo antzerki topaketen gainean balorazio ona egin du. Denera, hogeitabi antzezlan izan dira; gehienak Soreasu antzokian, baina udaletxeko ganbaran eta Gaztetxean ere izan dira bat edo beste. Aurtengo antzerki topaketak azaroaren 2tik 18ra bitartean izan dira. Antzezlanez gainera, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE) antolatutako mahai-inguru bat ere izan da, Sanagustinen. Solasaldia, Euskal Teatro berri baten beharra: Euskal komedia gai hartuta egin zen. Horrez gain, aurten aurrenekoz, EHAZEk Antzerkizale Saria Azpeitian eman du. III. Antzerkizale Saria Agus Perezek jaso zuen, Berria egunkariko antzerkiko kritikoak. Su txikian lanaren estreinaldiak «arrakasta» izan duela azaldu dute kultura arduradunek, «550 ikusletik gora izan ditu». Horrez gain, Aldatzen Laguntzen Taldeak Ispilua lana egin zuen, Gaztetxea «leporaino bete» zela. Azpeitiko Antzerki Topaketen baitan, antzerkizaletasuneko harrobia lantzea helburu duen, Eskola Antzerkia ere egin da aurten. Bertan, besteak beste, Azpeitiko hiru taldek hartu dute parte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide