Azkoitiko Udaleko Euskara Zerbitzuak herriko hortz kliniketan euskararen erabilera sustatzeko kanpaina hasi du, eta horretarako gidaliburua sortu dute. Udalak Azkoitiko merkataritza «euskalduntzeko» egitasmoaren baitan hasi du bigarren proiektua, duela hilabete gutxi optiketan egin zuen kanpainari jarraituz. Euskara Zerbitzuak jakinarazi duenez, gidaliburua egin aurretik hortz kliniken hizkuntza egoera eta beharrak aztertu dituzte; «azterketako datuek erakutsi dute ahozko komunikazioan euskararen erabilera nagusitzen dela, baina idatzizkoan zalantzak eta ohitura falta dute euskara modu erosoan erabiltzeko». Hori hala izanik, dentisten egoera «arindu» eta «erraztu» nahi izan dute arduradunek.
Dagoeneko banatu dute gidaliburua hortz kliniken artean; bertan, euren «egunerokotasunean» erabiltzen dituzten hainbat arlo aztertu dituzte; hala nola, oinarrizko hiztegia jaso dute euskaraz, eta euren jardunerako kartelen ereduak eta izen komenrtzialak ere bildu dituzte. Paperezko materialarekin batera, cd formatuan ere kaleratu dute: «Ordenagailuan moldatu, inprimatu eta klinikan jartzea baino ez dute egin beharko merkatariek». Behin egitasmoa osatuta, udalak dei egin die hortz klinikei material hori erabil dezaten; euskararen erabilera handitzeko konpromisoa, ordea, herritarren esku ere badagoela uste du udalak, eta horregatik, gune horietan herritarrek ere euskaraz egin dezaten nahi dute.
Euskara Zerbitzuak gogoratu du orain arte saltoki desberdinetan egin dituela euskara indartzeko ekimenak; hala nola, ostalariei, higiezin bulegoiei, estetika zentroiei, ile apaindegiei eta janari dendei zuzendutako ikastaroak eta saioak antolatu ditu.
Azkoitixen Bai Euskarari, sustapen fasean
Bai Euskarari Ziurtagiria lortzeko Azkoitixen Bai Euskarari egitasmoak, bere aldetik, sustapen fasean jarraitzen du. Udalak adierazi du bertako teknikariak dagoeneko informatu dituela herriko saltoki gehienak, eta datozen egunotan bisitatuko dituela azken dendak. Hala ere, norbaitek bisitarik ez badu izan eta egitasmora batu nahi badu, 688-68 19 77 telefonora deitu dezakete. Saltokiei euskararen egoera aztertuko diete, eta 2013an bete beharko dituzten konpromisoak zehaztuko dituzte. Udalak jakinarazi du Elkarmedia S.L. enpresak lehenengo aldiz jasoko duela ziurtagiria, eta Uria Sukaldeak mailaz igotzea lortu duela. Azkoitian 50 saltokik dute ziurtagiria.
