2013an ibilgailuen zerga igoko dute gehien Errezilen

Nerea Uranga 2012ko azaroaren 27a

Errezilgo Udalak erabakita ditu datorren urterako udal tasak eta zergak. Urrian egindako udalbatzarrean aho batez onartu zituzten udal ordezkari politikoek. Errezilen gehien igoko duten zerga trakzio mekanikodun ibilgailuen gainekoa da, hori 2013an %4,4 igoko dute. Uraren, zaborraren eta estolderiaren tasak, berriz, %2,9 igoko dituzte. Ondasun Higiezinen gaineko zergetan landa izaerakoa %0,83 igoko dute, eta hiri izaerako ondasunen gainekoa gutxiago, hau da, %0,22. Enpresa jardueren gaineko zerga, berriz, %1,33 igoko dute datorren urtean. Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, landalurren kasuan %2,8ko tipoa ezarriko da eta hirilurren kasuan, %4ko tipoa. Dantza eta musika ikastaroetako datorren urterako kuota ere erabaki dute Errezilen: dantza ikastaroan umeko kuota 11 eurokoa izatea erabaki dute udal arduradunek. Gainontzeko udal tasa eta zerga guztiak bere horretan uzteko erabakia hartu dute, eta horietan ez dute igoerarik aplikatuko datorren urtean. Udal tasak eta zergak erabaki ostean, datorren hilean (abenduan) 2013ko udal aurrekontuak lantzen hasiko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide