
Maskarada Altzuruko plazan; Zamalzaina ekitaldiko pertsonaia nagusietako bat da (Argazkia: Jon Mikel Insausti)
Hainbat urtetan Zuberoako Maskaradari ateratako argazkiak aukeratu eta Zarauzko Photomuseum Argazki eta Zinema Museoan jarri ditu erakusgai Jon Mikel Intsausti zumarragarrak. Argazkilariak 1993ko urtarrilean izan zuen ekitaldia ikusteko lehen aukera, Urdiñarben, eta, harrezkero, 2007a bitartean, ospakizuneko ikusle eta erretratugile izan da. Aurten, argazki erakusgarrienekin erakusketak egin ditu Zumarragan, Beasainen eta Tafallan –eta, orain, Zarautzen–, bi helburu nagusirekin; batetik, Maskaradaren berri zabaltzea eta, bestetik, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko «muga kulturalak» lausotzea.
Bilduma 50 argazki inguruz osatuta dago, eta 2013ko urtarrilaren 8ra arte egongo da ikusgai Photomuseumeko erakusketa aretoan. Nolabait esateko, Maskaraden hasierarekin egingo du bat erakusketaren amaierak. Izan ere, urtarrilaren erdialdetik apirilaren amaierara arte antzezten dituzte, astero-astero; betiere, inauterietako ospakizunen haritik. Urte batetik bestera, gainera, Zuberoako herri desberdin batek hartzen du Maskarada antzezteko ardura, eta igandez igande Zuberoako beste herrietara eramaten dute antzezpena. Garai batean 80 kidek hartzen zuten parte, baina, gaur egun, 20 antzezle inguru aritzen dira.
Dantzak, bertsoak eta kanta herrikoiak uztartzen ditu Maskaradak; betiere, usadiozko pertsonaia jakin batzuren inguruan. Insaustiren argazki sortak ekitaldiko pasarte horiek jasotzen ditu; besteak beste, dantzari aintzindarien jauziak, kerestuen elkarrizketa, xorrotzen emankizuna, buhameen erregearen eta kautenaren peredikua eta Pitxuren testamentua. Normalean, Maskarada ez dute Zuberoatik kanpo antzezten. Beraz, euskal inauteri tradizonal hau bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiko du Photomuseumek.