Francisco Escudero maisua gogoratzeko ekitaldien baitan, Mitoen Sinfonia ikuskizun-kontzertua izan zen atzo iluntzean, kiroldegian. Zazpi abesbatzetako 185 bat haur kantarien ahotsean interpretatu zuten pieza berezia; bertan izan ziren Azkoitiko Bizkargi-Txiki, Azpeitiko Antxieta, Donostiako Ekintza Txiki eta Francisco Escudero musika kontserbatorioko haur abesbatza, Zarauzkok Txinpirin eta Zarautz Txiki, eta Zumaiako San Pedro Txiki abesbatza eta txikienen taldea.
Bi zati izan zituen emanaldiak. Lehenengo zatian abesbatza bakoitzak kanta bana abestu zuen; Zarautz Txikik Escuderoren beraren Izar ederra obra taularatu zuen, eta Txinpirin abesbatzak Iker Goenagaren kanta bat. Bigarren zatian, jada, Mitoen Sinfonia aurkeztuko zuten, abesbatza guztiek batera. Kandido Uranga aktore zumaiarrak narratzaile lanak egin zituen, aipatutako elezaharrak kontatuz.
Aldi berean, bederatzi musikariz osatutako talde bat aritu zen zuzenean; horietatik sei Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kideak eta gainerako hiruak, berriz, zarauztarrak: Antxon Sarasua, pianoan; Iñaki Oliden, akordeoian; eta Ander Zulaika, perkusioan.