Politika publikoak "erabat" aldatu daitezen mobilizazioak egin dituzte sindikatuek

Urola Kostako Hitza 2012ko azaroaren 26a

Guneak lan duinaren eta eskubide sozialen aldeko mobilizazioak antolatu ditu Hego Euskal Herrian, eta horren baitan auto karabana egin dute gaur eskualdean LAB eta ELA sindikatuek. Urola Kostan jasotzen ari den "enpleguaren suntsiketa" salatu dute sindikatuek ondoren egin duten agerraldian; horien arabera, eskualdean langabezia "nabarmen" hazten ari da, "enpresen itxieren eta kaleratzeen ondorioz". Urola Kostan lanik ez duten %45ak langabezia prestaziorik jasotzen ez dutela azpimarratu dute. Langabeziari dagokionez, berriz, joan zen urrian 4.533 lagun zeudela lanik gabe; Azkoitia da proportzioz gertaera hori gehien jasotzen den herria; biztanleen %16ak ez du lanik, 790 lagunek, hain zuzen ere. Zumaian, berriz, 601 herritar daude langabezian (%15,9); Azpeitian, 955 lagun (%14,7) eta Zarautzen 1.406 biztanle (%13,57). Hori hala izanik, politika publikoak "erabat" aldatu daitezen aldarrikatu dute sindikatuek eta eragileek; "lehentasuna eman behar zaio enplegu duina sortzeari eta eskubide sozialetan aurrera egiteari, eta horretarako politika sozial eta ekonomiko propioak egiteko ahalmena eskuratzea ezinbestekoa dugu. Ezin da orain arte bezala jarraitu, dirua bankuei ematen eta enpresario batzuen poltsikoak betetzen". Izan ere, horien ustez, enpresarioak "lan erreformaz" ari dira baliatzen "milaka langile kaleratzeko" eta "langabeziaren mehatxupean langile-klasearen pobretze orokorra inposatzeko". Erakundeen jarduna ere gaitzetsi dute, "gastu publikoa" moztu eta enplegu publikoa "suntsitzen" dutelakoan: "Bitartean, ordea, azpiegitura handiak bultzatzen jarraitzen dute", salatu dute. Ondorioz, zerbitzu publikoak eta gizarte-prestazioak "gainbeheran" daudela ohartarazi dute. "Aldiz, indarrean zerga-politika erregresiboa dago, errenta altuei eta kapitalari mesede egiten diona". Egoerari irtenbidea emateko hainbat proposamen egin dituzte; erakundeek zerbitzu publikoak bermatu ditzaten eskatu dute. Zentzu horretan, "aberastasuna eta lana banatzea" ardatz izango lukeen euskal marko bat sortzea beharrezkotzat jo dute, eta Espainiako Gobernuak Hego Euskal Herriko erakundeei "inposatu" dizkien murrizketak ezarri ez daitezen aldarrikatu dute; hala nola, gizarte prestazioetan eta zerbitzuetan, hezkuntza sisteman, osasun arretan, etxebizitzan ezarri nahi dituzten neurriak; "gure herriko sektore estrategikoak defendatu behar dituzte; esaterako, lehen sektorea eta garraioa". Gizarte zerbitzuetan laguntzak jasotzen dituztenen aurkako "kriminalizazioa" amaitu dadin nahi dute mobilizaziora batu diren sindikatuek, eta zerga politika "justu eta progresiboa" eskatu dute. Horrez gain, berdintasunaren gaineko politikak emakumeen bizimodua hobetzeko aukera izan daitezen aldarrikatu dute. Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta dozenaka eragilek egin dute bat mobilizazioekin, eta ostiralean manifestazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko lau herrialdetan; Gipuzkoan, Donostian izango da protesta, 19:00etan, Bulebarretik hasita. Arduradunek eskualdeko herritarrei dei egin die bertan parte hartzera; "mobilizatu beharra daukagu, guztiok gure eskubideen alde modu aktiboan, benetako aldaketa lor dezagun".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide