Zestoako TS Fundiciones enpresako dozenaka langilek manifestazioa egin dute eguerdian, Zestoan, hainbat herritarrekin batera. Enpresa Batzordeak adierazi du zuzendaritzak 50 langile kaleratzeko asmoa dituela urtea amaitzen denean, eta neurri horiek gaitzesteko mobilizazioak hasi dituzte. “Borondatezko kaleratzerik izan ezean, lan erreforma ezarriko zaie kaleratuko dituzten langileei”. Zentzu horretan, “kaleratze traumatikorik” gertatuz gero, grebara joko dutela ohartarazi du Enpresa Batzordeak. Urte amaiera arte %80eko LET Lan Erregulazio Txostena dute langileek.
Honek jakinarazi du zuzendaritzak “lan gutxi” dagoelako arraizotu dituela neurriak. “Agurainen beste enpresa bat dute, eta uste dugu guk egin beharreko lana harutz ari direla eramaten”. Halaber, zuzendaritzak “negoziaziorako” asmorik ez duela salatu dute, eta langileek bizi duten ziurgabetasuna azpimarratu dute; “ez dakigu nolako etorkizuna izango dugun, ez dizkigutelako gauzak azaltzen. Gainera, Zestoako enpresarako Bideragarritasun Plan bat egin dute, eta hor enpresa ixteko proiektua dago. Ikusten dugu erabat alboratu gaituztela. Hitz egiteko prest egon gara beti, baina ez dute komunikaziorik bultzatzen, eta deitzen gaituzten bakoitzean halako neurrien berri emateko da”.
Lan Batzordeak gogorarazi du dagoeneko 140 langile lanik gabe geratu direla TSn. Halaber, duela hainbat hilabete akziodun berriek enpresa hartu zutenean TSren “berregituraketa” amaituta zegoela adierazi zieten langileei, eta, ondorioz, Enpresa Batzordeak “gezurrak” esan izana leporatu dio zuzendaritzari. “Gehiago kaleratzerik ez zela egongo agindu ziguten”.
Hurrengo astean jarraituko dute mobilizazioek; 11:00etan Arroako enpresatik Zumaiara oinez joango dira langileak, protesta moduan. 12:00etan manifestazioa egingo dute han.
