Gutuna: Zumaiako EAJ, hondakinez

Urola Kostako Hitza 2012ko azaroaren 23a

Herritarrak sinaduretatik ekintzetara. Udal Gobernuak zer dio?

 Aurreko astean, EAJk eskatuta, Hondakinen mahaiaren bilera deitu zuen alkateak. Mahai horren helburua, gure ustez, herriko arlo sozio-ekonomiko, erakunde eta talde ezberdinen ikuspuntuak eztabaidatu eta herrian Hondakinen bilketaren inguruan sortu den eztabaidari irtenbide bat topatzea izan behar luke.

 Parte-hartzaileei erreparatzen badiogu ezin esan mahaiaren osaketa asmo horretarako egokia denik. Mahaiaren osaketa (alderdi politikoen ordezkariak: Bilduk 2; EAJk 1; PSEk 1 eta Aralarrek 1; plataformatik 1; Zero Zabor 1 eta Natur Taldeak 1) ez dela herriko askotariko eragileen islada adierazi genuen eta Udal Gobernuari mahaiaren partaideak zabaltzeko eskatu genion.

 Dena den, EAJk ez dio inoiz hitz egiteko aukerari ezetz esaten; gainera, martxotik ari gara eskatzen gai honi buruz eztabaida abiatzeko; nahiz eta ados ez egon, beharrezkoa iruditzen zaigunez, bertan izango gara.

 Lehenbiziko bileran, partaide bakoitzak bere ikuspuntua azaldu eta arrazoitu zuen. Gure aldetik, oso positibotzat jo genituen edukiontzi marroiarekin jasotzen ari diren emaitzak, azken hilabetetako Zumaiako datuak kontuan hartuta:

5. EDUKIONTZIA (marroia):

2011ko ekaina: 10.920 kg / 2012ko ekaina: 18.085 kg. eta urrian: 35.669 kg.

Urtebetean, ekainetik ekainera, 7.000 kg gehiago jaso dira eta azken lau hilabetetan—ekainetik urrira, alegia—kopurua bikoiztu egin da. Eta iazko urtearekin alderatuta  hirukoiztu. Eta hori, herrian zehar 30 edukiontzi marroi besterik ez daudela, eta zenbait jendek organikoa botatzeko metro dezente egin behar dituela.

 EDUKIONTZI BERDEA: ekainetik urria arte, kopurua etengabe jaitsi  da. Ez dago gezurrik, jendeak berdea soilik erabili beharrean marroia ere erabiltzen du.

Uztailean zehar 1.200 giltza/kubo banatu ziren.

Kopuru hauetan dago herritarren erantzuna.

 Mahaiaren hurrengo bilera batera deitu gaituzte. Bilera horretarako mahaikideei banakako bilketa sistema edota proposamenak aurkeztea eskatzen zaigu.

Horren ondoren, benetako parte hartze prozesua abiatze espero dugu, non herritar eta herriko eragile guztiak ordezkatuta egongo diren.

Bitartean, Udal Gobernuaren ordua da, herriarekin batera gobernatu eta benetan herriaren zati handi batek esan duena (datuak hor daude) kontutan hartu behar duen irtenbidea emateko arazo honi, eraginkorrak izan daitezkeen neurriak hartuta.

Herritar asko gara birziklapenean sinesten dugunak eta EAJk biziki eskertu nahi du Zumaiako “Atez ate ez, birziklapena bai” plataforma egiten ari den lana eta herri mugimendu honi esker lortzen ari diren emaitza onak.

EAJ-PNV udal taldea

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide