Etxean konposta egitea sustatuko du Urola Kostako Udal elkarteek eta udalek

Urola Kostako Hitza 2012ko azaroaren 23a

Etxean eta auzoan konposta egiteko plana aurkeztu berri dute Amaia Guruzeta Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak; Getariako, Orioko eta Zarauzko alkateek, Nika Lertxundik, Beñat Solabarrietak eta Juan Luis Illarramendik eta Zarauzko Ingurumen zinegotzi Alizia Osak. Plan horren helburua  konpostagailua jartzeko aukera duten ahalik eta etxebizitza gehienetan gailua erabiltzea sustatzea da. Hondakinak nahastuta jasotzekoan, "arazo handiena" organikoak sortzen du. "Horregatik ahaleginak egin behar ditugu organiko hori tratatzeko", nabarmendu du Guruzetak: "Hondakin horiek sortzen ditugun lekuan bertan tratatzen baditugu, abantaila ugari izango dugu". Izan ere, konposta bihurtu eta berrerabili egingo dira,  hondakinak jaso, garraiatu eta tratatzeko lan eta kostuak "nabarmen" murriztuz. Hori sustatze aldera, Urola Kostako Udal Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak etxean konposta egiteko ekimena abiatu zuen 2005. urtean. Horren helburua norberak etxean sortzen dituen hondakin organikoekin etxean bertan konposta egitea da. Ekimena martxan jarri zutenetik, Urola Kostako 400 familiak jarri dute konpostagailua beren lorategi edota baratzean. Herritarren harrera ona ikusita, udal elkarteak eta Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako Udalek etxean eta auzoan konposta egiteko plan hori indartu eta areagotzea erabaki dute, eta horretarako plangintza prestatu. Plan hori garatu ahal izateko, Foru Aldundiaren diru laguntza jaso dute, eta hala, UKUEk lehiaketa bidez Spora ingurumen zerbitzuak kontratatu du plana garatzeko. Udal elkarteak azterketa egin du, et horren arabera, eskualdean konpostagailua jartzeko baldintzak betetzen dituen 1.500 familia daudela ondorioztatu du; horretarako lorategia edota baratza izatea ezinbestekoa da. Hainbat pauso Guruzetak azaldu du planak hainbat pauso duela. Batetik dagoeneko ekimenean parte hartzen ari diren 400 familiei laguntza eskaini eta jarraipena egingo zaie. Horretarako, familiak bisitatuko dira, konposta egiteko unean dituzten zalatzak argitu eta laguntza eta aholkularitza eskaintzeko. "Prozesua optimizatzea da helburua", azaldu du Guruzetak. Bisita horietan, gainera, nahasketaren, material hezearen eta konpostagailuaren egoera aztertuko da, eta baita konposta nola egiten duten ikusi eta hobetzeko proposamenak egin ere. Datuak jasoko dira, tratatzen den hondakin kopurua eta izaera zehazteko eta estimazioak egiteko. Bestetik, familia "berriei" planaren inguruko informazioa helarazi eta konpostagailua jartzeko proposatuko diete. Eskualdeko eraikin eta etxeen tipologiaren inguruko azterketa zehatza egingo dute horretarako: "Azterketa horrekin Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian,  konposta egiteko etxeek potentzialtasuna finkatzea izango da. Horren arabera antolatuko dugu  familia berriei bideratu beharreko eskaintza eta kanpaina". Horrez gain, udalerri bakoitzean auzo konpostagailu bana jarriko da, lorategi edota baratzik ez duten etxebizitzen auzoetan. Berau erabili nahi dutenek ikastaro labur bat jaso beharko dute aurrez. "Herritarren parte hartzea ezinbestekoa da plana garatzeko. Hori dela eta, eskerrak eman nahi dizkiegu dagoeneko konpostagailua  erabiltzen duten familiei egiten ari diren ahaleginagatik", esan du UKUEko lehendakariak. Bide batez, beste ekimen baten berri eman du. Zarauzko Konpostari Elkarteak azaroa eta urtarrila bitartean eskualdeko udalerri bakoitzean auzo konpostagailu bana jartzeko lanean ari dela ohartarazi du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide