Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
2013ko aurrekontua
Inbertsioak
-Kanposantu inguruko ibilbidea gauzatzeko 330.000 euro.
-Igerilekua berritzeko 65.000 euro.
-Elkano frontoiaren proiektua amaitzeko eta obrak abiatzeko 100.000 euro.
-Baserri bide eta azpiegituretarako 60.000 euro.
-Eskola berriaren proiektua aurreratzen joateko 70.000 euro.
Ordenantza fiskalak
Inbertsioak
-Hiri eta landa izaerako ondasun higiezinen gaineko zerga. %2,08ko igoera izango du.
-Eraikuntza, instalazio eta obra zerga. 2012an bezala jarraituko du.
-Zabor bilketa tasa. %3,1eko igoera.
-Gizarte zerbitzuek (etxez etxeko laguntza, ospitaletxea...). %3.1eko igoera izango dute.
-Udal igerilekua. Eguneroko sarrerak 2012ko prezio bera izango du. Egun erdiko tarifa 17:00etatik aurrera aplikatuko da eta 2 euro kostako da sarrera.
-Udal probalekuaren tasa. %3,1 igoko da.
Asteazken iluntzean Aiako Udalbatzak ohiko udalbatzarra egin zuen, eta 2013ko ordenantza fiskalak eta aurrekontua onartu zituzten. Aiako Udalaren 2013ko aurrekontua 2.511.003 eurokoa izango da; 2012koa baino %25a txikiagoa, alegia.
Aiako idazkari Xabier Osak azaldu zuenez, inbertsioen atalean egin dituzte aurrekontuko murrizketa nagusiak. «Espainiako Gobernua kontrol zorrontzak egiten ari da udaletan, eta aurten indarrean jarri duten Aurrekontuen Egonkortasun Legeak
muga zorrotzak jartzen dizkigu udaloi aurrekontua onartzerako garaian. Horren arabera, udalaren zorrak muga jakin baten baitakoa izan behar du, aurrekontuko sarrerek gastuak baino handiagoak izan behar dute, eta gastuak ezin du 2012koa baino handiagoa izan». Osaren zera argitu du: «Aiako Udalaren egoera ekonomikoa ona da; banketxeei ez diegu dirurik zor, eta 2013rako aurrikusi diren gastuak 2012koak baino txikiagoak dira, diru-sarrerak ere txikiagoak izango direlako. Gainera, aurrekontuak superabitarekin onartu dira».
Bildu, desados
2013ko aurrekontuak EAJ udal taldearen aldeko sei botorekin eta Bilduren aurkako bost botorekin onartu zituzten asteartean. Bilduko ordezkari Aritz Arrutik azaldu zuenez, kontra bozkatu zuten «aurrekontuek 2012koen joera» bera erakusten dutelako. «Alde batetik, ez zaigu egokia iruditzen Elkanoko pilotalekuaren eta txokoaren proiektuarekin jarraitzea. Zarauzko lurretan egingo da proiektua, eta Zarauzko Udala ez dagoela pilotalekua ordaintzeko prest dirudi. Aiak bi herriei dagozkien zatiak ordaindu beharko lituzke, beraz, eta gure ustez hori ez da bidezkoa, ez dugu dirua soberan eta».
Horretaz gain, Bilduk uste du Altxerriko haitzuloaren inguruko proiektuak ez lukeela lehentasunik izan beharko. «Altxerriko proiektua lantzen gastatu nahi den dirua herriaren beste beharretan inbertitu beharko litzakeela uste dugu», zioen Arrutik.
Ildo horretan, Bilduko ordezkariek gehitu zuten oraindik Aiako herriguneko eta zenbait auzotako ur zikinak zelai eta erreketara isurtzen direla. «Isurketa horiek osasunarentzat eta ingurumenarentzat kaltegarriak dira. Ur zikin hauek araztegira bideratzeko azpiegiturarik ez dago herrian, eta uste dugu hori lehentasuneko gaia dela. Horregatik, ur zikinak araztegira bideratzeko proiektu serio bat garatzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Turismoan apustua egitea baino lan oinarrizkoagoak baditugu egiteke herrian».
Pilotalekua auzotarrentzat
Aiako alkate Igor Iturainek udalbatzarrean azaldu zuenez, Aiako Udalarentzat garrantzitsua da auzotarren eskaerak ahal den heinean betetzea. «Gure apustua garbia da: 2011ko hauteskundeetan Elkanoko pilotalekua egingo genuela esan genuen, eta gure hitza bete egingo dugu», azaldu zuen.
Horretaz gain, Aiako alkateak turismoa herriarentzat garrantzitsua dela uste du. «Turismoaren garapenarekin aurrera jarraituko dugu, herriarentzat diru iturri garrantzitsua izan daitekeelako. Turismoak herrian beste jarduera ekonomiko bat sortzeko balio du, eta hori aberasgarria izango da Aiarentzat. Horren harria, Altxerriko kobaren proiektuaren inguruan lanean ere jarraituko dugu, herrian dugun ondarea oso garrantzitsua delako, eta hori gizarteratu egin behar delako. Hori gure herriaren kulturan inbertitzea da, hain zuzen».
Herriko ur zikinei dagokionean, Iturainek adierazi zuen bi urte daramala Gipuzkoako Foru Aldundiari Aiako ur zikinak araztegira bideratzeko proiektuaren bigarren fasea, Andatzatik Santio Errekara bitartekoa, «martxan jartzeko eskatzen; baina ez duela lehentasunik erantzuten dute. Lehen ere proiektuko lehen fasea egiteko apustu garbia egin genuen, eta udalak aurreratu zituen lan batzuk. Horiek 2. fasea kostatuko denarekin alderatuta txikikeria dira, eta horregatik ez dago gure esku 2. fasea abiatzea».
2013ko aurrekontuez gain, 2013ko ordenantza fiskalak ere bozkatu zituzten, eta EAJren aldeko sei botorekin eta Bilduren aurkako bost botoekin onartuta geratu ziren. Oro har, 2013an tasak eta zergak %3,1 igoko dira, 2011ko irailetik 2012ko irailera KPIak izan duen igoera adinakoa, alegia.
Zergen atalean igoko ez dena ibilgailuen gaineko zerga izango da, izoztu egingo baitute.
Tasen arloan, berriz, uraren erreziboa %1 igoko da.
Hobaririk ez zaborraren tasan
Bildu ez zen ados agertu udal gobernuak aurkeztu zituen ordenantza fiskalekin. «Hainbat punturen inguruan eztabaida izan dugu gure artean, baina proposamen bakar bat egitea adostu dugu. Iaz bezala, proposatu nahi dugu autokonposta egiten duten etxeek zaborraren tasan %20ko hobaria izatea. Modu horretan, birziklatzea bultzatuko dugu, eta ingurumena zaintzeko jarrera zabalduko dugu». Udal Gobernua ez zen proposamena onartzeko prest agertu. «2013ko ordenantza fiskalak duela 15 egun aurkeztu genituen, eta azken uneko proposamenarekin etortzea ez dugu uste lana egiteko bide egokia denik. Gainera, zehaztu beharra dago konposta ez duela egiten konposta edukiontzia etxean hartzen dutenek bakarrik; Aiako baserrietan betidanik egin izan baita konposta, hondakin organikoa aprobetxatuz. Kontrol hori eramatea oso zaila da, eta proposamena lehenago egin izan bazenute, proposamena nola gauzatu aztertzeko aukera izango genuke; azken momentuan, berriz, ez».