«Hemengoa» da harri jasotzea, «aspaldikoa»: «Gizona gizona denetik harriarekin harreman berezia izan du». Egun, ordea, ohitura hori galtzen ari da. Horren beldur da, behinik behin, Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.a. Ia 30 urte darama kirol hori praktikatzen. «Poztasun ugari» ekarri dizkio harria jasotzen ibiltzeak; «desengainu asko» ere bizi izan ditu. Hala ere, kirol horrek «dena» eman dio aiarrari. «Nire bizitza da, jende eta toki asko ezagutu ditut horri esker».
Hori dela eta, «gustura» dago bere «ametsetako bat» betetzear dagoelako. Aspalditik buruan zebilkien ideia aurrera eramatea lortu du orain: «ofizialki» harri jasotze eskolak ematea, bere ezagutzak zabaltzeko. Izan ere, ZKE Zarautz Kirol Elkatearen eskaintza zabaldu, eta Herri Kirolak saila sortu dute. Aurtengo asanblada orokorrean planteatu zuten proposamena, eta aho batez onartu zen kirol tradizional horri elkartea tartea egitea.
«Geure-geurea den saila sortu dugu, kirol horrek merezi duen bezala babestu eta sustatzeko. Harri-jasotzeak potentzial handia du, eta ekimenak bat egiten du ZKEren filosofiarekin: kirola sustatzea du helburu», nabarmendu du kirol elkarteko lehendakari Esteban Collantesek. «Zarautzen halako aukera izatea zoragarria da. Gainera punta-puntako harri-jasotzaile batek eskainiko ditu eskolak», gaineratu du elkarteko lehendakariorde Jon Mendizabalek. «Hainbesteko ospea» duen elkartea zabaldu eta herri kirolekin osatzea izango da Izeta II.-a eta Jesus Mari Iraolaren—horrek zuzenduko du saila— ekarpena. Horren truke, ZKEk harriaren tradizioa zabaltzen lagunduko du. «Baserria herrira ekarriko dugu, eta herria baserrira».
Oraingoz harri-jasotzearekin hasiko direla jakinarazi dute, eta aurrera begira, herri kirol gehiagorekin osatuko dutela. «Horregatik jarri diogu izen hori sailari; ez dugu harri-jasotzera soilik mugatu nahi. Ateak zabalik ditugu», esan du Collantesek.
Ezkutuko kirola
«Gure kirol hau ezkutukoa izan da beti», dio Iruretagoienak. «Harria jasotzen hasi nahi dutenek ez dakite zehazki nora jo horretarako; ezagunik ez badute, behintzat». Harri-jasotzaileak sei bat ikasle ditu egun, eta guztiak gertukoak izanagatik hasi dira kirol hori praktikatzen. Orain, bidea erraztuko diete interesa dutenei.
Harria jasotzen ikasi nahi dutenek Zarauzko Kirol Elkartera gerturatu beharko dute informatu eta izena ematera. «Lehen baserrira etorri behar izaten zuten ikastera. Orain aukera ederra daukagu tokia egokitu baitigute. Gazteei aukera emanez gero, nik uste dut interesa piztuko zaiela», dio. Jakinarazi dutenez, oraingoz halterofiliako lokalean egingo dituzte entrenamenduak. «Hasteko nahikoa da. Jende askok ematen badu izena, hasiko gara gune egokiago baten bila», gehitu du.
Edonork eman ahalko du izena eskoletan, baina Izeta II.-ak dio 8-10 urtekin hastea dela komenigarria, «beste kiroletan bezala». Hasieran teknika irakatsiko die aiarrak ikasleei, pesak eginez, korrika jardunda, harri moten inguruko azalpenak jasoz eta gorputzaren jarrera zainduz. «Harriari errespetu handia zaio orokorrean, bizkarreko minak-edo ekar ditzakeela pentsatzen du jende askok; lanak ongi egiten badira, ordea, ez da arriskutsua».