Enpresako zuzendaritzarekin hitzarmena negoziatzeko dituzten arazoak direla eta, atzo goizean elkarretaratzea egin zuten Okineko langileek lantegi atarian. Espainiako Gobernuak «inposatu» duen lan erreformaren ondorioz, probintzia mailako hitzarmen guztiak ez badira 2013ko uztailerako negotziatzen, bertan behera geratuko dira, eta «hainbeste urtean lortutako eskubideak galtzeko zorian» daude langileak. Egoeraz jabetuta, langile batzordeak akordioa negoziatzeko eskatu dio zuzendaritzari. Langileek negoziazioa bi ataletan banatzea proposatu zuten. «Alde batetik, orain arte izan ditugun eskubideak mantentzearen aldeko zenbait puntu jasotzen duen atala. Eta bestetik, puntu horiei eustea onartu ondoren, egun dugun egoeratik abiatuta zenbait hobekuntza negoziatu nahiko genituzke». Patronala, ordea, ez dago ados jartzeko prest, eta langileek «onartezintzat» jo dute. Hori dela eta, datorren ostegunean ere greba egingo dute langileek.