Euskararen Aholku Batzordea, Zumaiako beste hainbat elkarte eta talderekin elkarlanean, Euskararen Astea antolatzen ari da dagoeneko. Horren baitan, urtero bezala, Zumaian Saltaka aritzeko proposamena egin dute, eta egun horretarako
Euskaraz bizi nahi dut dioten elastikoak jarri dituzte salgai.
Ikastetxeetan haur eta helduentzakoak daude eskura Oikian, Herri Eskolan (Aita Marin) eta Maria eta Josen; Lubaki kiroldegian eta turismo bulegoan, berriz, helduentzakoak bakarrik egongo dira salgai. Elastiko bakoitzak hamar euroko kostua izango du.
Iaz talde eta elkarteei egin zieten antzeko deialdia egin dute, baina aurten planteamendu zabalagoa izango du: elastikoekin edota banderekin argazkiak ateratzera gonbidatu nahi dituzte herritarrak (bakarka, binaka, familiarekin, koadrilarekin, lankideekin, ikaskideekin…). Argazkiak
euskaratxanpan@zumaiakoudala.net helbide elektronikora bidali beharko dira.
Azaroaren 25a baino lehen jasotzen diren argazki guztiak panel handi batean jarriko dira, eta abenduaren 1ean Torreberri inguruan egongo da ikusgai.
Bestalde, euskararen asteko egitarau osoa laster iragarriko dute antolatzaileek.