Elkar hartzea erabaki dute publikoak ez diren euskarazko hedabideek. Hekimen elkartea sortu dute, «ahots bateratua» izateko; hedabideek aurrean dituzten erronkei erantzun ahal izateko elkarlana bultzatzea izango da elkartearekin zeregina. 50 bat hedabide dira elkarteko bazkide; tartean,
Baleike,
Karkara eta
Uztarria herri aldizkariak, Erlo Telebista eta UROLA KOSTAKO HITZA. «Jakitun gara: bakarka baino, elkarrekin hobeto egingo diogu aurre dugun egoera latzari».
Euskarazko hedabideak izatea nahitaezkoa dela ohartarazi dute prentsa agerraldian, eta alor hori garatzen egin nahi dute ahalegina. Tokikom elkarteko zuzendari Iban Arantzabal izango da Hekimen elkarteko lehendakaria.
Eremu komunikatibo sendoa
Aurkezpena atzo eguerdian egin zuten, Donostian. Orain bi urte hasitako elkarlanaren fruitua da komunikabideen elkartea.
Euskarazko hedabideena «esparru txikia» izanda ere, garrantzizkoa dela nabarmendu zuten: «Asko gara, eta pertsona askorengana iristen gara. 600 bat langile gara sektorean, eta ehunka mila pertsonara iristen gara». Hori ikusita, euskaldunek behar duten «eremu komunikatibo sendoa» garatzea jarri dute erronka bezala. «Euskal Herri euskalduna nahi badugu, komunikabide esparru indartsua izatea ezinbestekoa da. Administrazioa, hezkuntza eta hedabideak zutabe funtsezkoak dira hizkuntza garapenean. Baliabideei dagokionez, administrazioan eta hezkuntzan indar handia jarri da azken hamarkadatan, euskarazko hedabide publikoetan ere bai. Baina askoz gutxiago hedabide ez publikoetan» azaldu zuten Hekimen Elkarteko ordezkariek.
Ildo horretan, Hekimen Elkarteak erakundeen aurrean egin beharko du indar, besteak beste. «Serio berba egin beharko dugu diru laguntzez, publizitate instituzionalaz eta mintzakidetza iraunkorraz. Uda aurretik, Jarduneko Jaurlaritzarekin eta EAEko hiru diputazioekin osatuta utzi genuen elkarrizketa mahaia eta lan-eremu hori emankorra izan dadin egingo dugu lan».
Behatokia proiektua
Bestalde, Euskal Hedabideen Behatokia sortzea jarriko die mahai gainean Hekimen elkarteak beste eragile batzuei. Aztergaiak ere zehaztu zituzten atzo: ikerketa, audientziak, teknologia berriak, beste hizkuntzetako esperientziak... «Euskararen komunikazio esparru sendoa garatzeko behar dugun guztia dugu helburu». Horretarako, oraindik Hekimen Elkarteko kide ez diren komunikabideek aterak irekita dituztela ere azaldu zuten.