Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak hainbat neurri hartu zituen atzo, tartean Errezilgo Udalaren zorpetzea berregituratzeko neurriak ontzat jo ditu. Hau da, Errezilgo Udalak 115.000 euroko mailegua eskatzeko foru proiektua onartu du. Orain, ordea, mailegua baimentzea Batzar Nagusietako Ogasun batzordeak erabaki beharko du.
Errezilgo Udalaren egoera ekonomiko finantzarioari aurre egin nahi zaio neurri honekin. Zorpetzea berregituratzeko neurriak ontzat jo ditu Diputatuen Kontseiluak, udalak egindako bideragarritasun plana kontutan hartuta.
Maileguz lortutako 115.000 euroekin, zorpetzea berregituratuko du Errezilek. Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek azaldu dutenez, Errezil gaur egun aurreko agintaldian egindako inbertsio handiak ari da ordaintzen. Mailegu berri horrek zorpetze muga gainditzen lagunduko du eta udalaren egoera ekonomikoa "onbideratzeko" balioko duela uste du Aldundiak. Baina orain, mailegua baimendu ala ez, Batzar Nagusietako Ogasun komisioak onartu beharko du.