Oriotarren eta eragileen proposamenak jasotzen ari dira Bilduko ordezkariak

Urola Kostako Hitza 2012ko azaroaren 21a

Udalek gero eta garrantzia handiagoa ematen diote herriari eta herritarrei zuzenean eragingo dieten gaiak landu eta erabakiak hartu behar dituztenean, haien hitza eta iritzia ezagutzeari. Orion, historikoki plaza eta moila bazterra eztabaida gune garrantzitsuak izan dira, bertan egunerokoan arduratzenzituen gaiez hitz egiten baitzuten oriotarrek. Herritarren iritzia ezagutzeko termometro garrantzitsua izan da beraz moila bazterra. Hori ezagututa, Orioko Bilduk orain arte modu informalean herritarrek izaten dituzten eztabaida eta iritzia ezagutu nahi izan ditu, eta horretarako 2013ko aurrekontu proposamena lantzeko bilerak antolatzen ari da. Orain arte, Bilduko zinegotziek auzoz auzoko bilerak egin dituzte eremu bakoitzak dituen beharrak ezagutzeko asmoz. Herria bost zatitan banatu dute, eta auzoz auzo herritarren proposamenak jaso dituzte. Amaia Dorronsoro Bilduko zinegotziak hala azaldu du: «Ekarpen interesgarriak jaso ditugu. Kalearen egoerari buruzko kexak izan dira gehienak. Kontutan hartzekoak dira guztiak». Bildutik adierazi dutenez, udaleko zerbitzuetatik saiatuko dira iradokizun horiek kontutan hartzen. Herritarren iritzia helburu Auzoz auzo egin duten bilera erronda hori amaituta, abenduaren 1ean arloz arloko bilera egingo dute Bilduko zinegotziak oriotarrekin eta eragileekin. Horregatik, Bilduk dei egiten die eragileei bileran parte hartu dezaten. «Herritarrek euren iritzia ematea da bileraren helburua» zehaztu dute. Horretarako, parte-hartzaileak hamarreko taldetan banatuko dira, eta arloz arloko proposamenak eztabaidatu eta bilduko dituzte. Beñat Solaberrieta Orioko alkateak eta Orioko Udaleko Bilduko gainontzeko zinegotziek dinamizatuko dute batzarra. Prozesu parte-hartzailean zehar herritarrek eta eragileek egin dituzte proposamenak, abenduan eta urtarrilean Orioko Udaleko Ogasun Batzordean aztertuko duten 2013ko aurrekontu proposamena osatzerako garaian kontutan hartuko dituzte. Konfirmazioa Abenduaren 1ean, larunbatean, 10:00etatik aurrera Orioko kultur etxean egingo duten bileran izan nahi duten eragile eta herritarrek, bertan izango direla jakinarazi beharko dute. Horretarako bi bide izango dira; alde batetik, arlo bakoitzeko zinegotziari jakinaren gainean jarrita eta bestetik, bilduorio@gmail.com helbidera idatzita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide