Jesus Mari Olaizola Txiliku (Zarautz, 1951) idazleak animalia harrigarriak alfabetikoki katalogatu ditu ‘Piztiarioak’ liburu berrian (Elkar argitaletxea); bihar goizean aurkeztuko du lana, Donostian. Alfabetoaren hizki bakoitzean bina piztia jaso ditu; bata, irudimenezkoa, eta, bestea, benetakoa. Hona hemen biharko egunkarian argitaratuko dugun elkarrizketaren aurrerapena.
Duela hiru urte, Juan Luis Baroja Collet grabatugilearekin elkarlanean, Piztiarioa izeneko erakusketa aurkeztu zenuen. Liburu berria proiektu haren hurrengo pausoa al da?
Nolabait esateko, haren bigarren zatia dela esan genezake. Erakusketakoa piztiario sinplea zen; 26 animalia zeuden, eta guztiak irudimenak sortutakoak. Oraingo honetan, aldiz, 54 animalia bildu ditut; 27 irudimenezkoak eta 27 errealak, alegia. Erakusketa hartako 26ak berreskuratu ditut,ukitu txiki batzuekin, eta bat gehiago erantsi diot, Ñ hizkiari dagokiona; izan ere, alfabetetikoki aurkeztu ditut. Beraz, benetako animaliena da zati berriena.
Aspalditik ari zara piztiarioen mundu hau arakatzen?
Historia luze samarra dauka kontu honek. Erakusketa egin baino dozena erdi urte aurretik hasi nintzen dokumentuak aztertzen, garaiko piztiarioak begiratzen eta informazioa biltzen. Ondoren, grabatuak egitea lan handia eskatu zigun: paperak eskuratu, plantxak egin, ikusi, aztertu…
Eta zer egiten zitzaizun berezia animalien inguruko hiztegi-entziklopedia hauetatik?
Ez da hiztegi-entziklopedikoa. Azken finean, kapritxo bat da. Tradizio handia izan da betidanik piztiak liburuetan aurkeztea, askotan beren irudiekin; batez ere, animalienak, baina baita landareenak eta harrienak ere. Gauzen ezagutza jaso izan da historian zehar, eta piztiarioek animalien ezagutza jaso dute. Ezagutza hori, ordea, ez da zoologikoa bakarrik izan, baizik eta gure barruan dagoen piztia, beldur, nahi eta grina guztiena ere bai. Maiz, animalietan ikusten ditugu gure barruko sentipen horiek.

