«Azkenean onartu dute izugarrizko gehiegikeria izan zela». Indarkeria politikoaren biktima aitortu ditu Eusko Jaurlaritzak Jon Paredes Txiki eta Anjel Otaegi. Herenegun iluntzean jakinarazi zuen erabakia Sufrimendu Bidegabeen Biktimen Balorazio Batzordeak. Batzorde horrek baloratzen ditu 1960. eta 1978. urteen arteko biktimei erreparazioa emateko Jaurlaritzak onartutako dekretuak baldintzak betetzen dituzten edo ez. Biek ala biek ez zutela epaiketa justu bat izan adierazi dute batzordeko kideek. Lehen irizpenak jakinarazita, Ines Ibañez de Maeztu Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen zuzendariak esan zuen biktimen senideek datozen bi hilabeteetan jasoko dituztela kalte ordainak. 135.000 euro jasoko ditu, hala, familia bakoitzak. Gipuzkoako Foru Aldundiak, gainera, senitartekoek diru kopuru horrengatiko zergak ez dituztela ordaindu beharko adierazi du. Batzar Nagusiek eman behar diote oniritzia, ordea. Francisco Francoren erregimenak hildako azken presoak izan ziren zarauztarra eta azpeitiarra. 1975eko irailaren 27an fusitalu zituzten; Txiki Bartzelonan eta Otaegi Burgosen. Urte gehiegi Berria «berandu» datorren arren, gustura dago Txiki zenaren sendia. Haren anaia Mikel Paredesek esan du amarentzat, Antonia Manotentzat, «bereziki garrantzitsua» izan dela erabakia. «Halako berririk ezagutu gabe geratuko zela uste zuen gaixoak».Sentsazio bera du Otaegiren lehengusina Mertxe Urtuzagak ere: «Gustura gaude. Dekretua onartu zutenean, bagenekien aurrera zihoala. Ez geunden ziur, ordea, aterako zenik. Baina horren alde jende askok egin du borroka, eta haiei esker lortu dugu, azkenean». Urte «gehiegi» daramate bi familiek aitorpen horren zain; 37 urte inguru. «Berandu badator ere, iritsi da. Askotan diogu iristea dela garrantzitsuena, inoiz ez dela berandu. Hala ere, denbora gehiegi pasatu dela deritzot; hau lehenago onartu behar zuten», salatu du Urtuzagak. Txikiren amak eta anaia Perdi Paredesek ere gauza bera esan dute: «Hau ez da bi egunetako lana, urte asko daramagu honen alde borrokan. Gehiegi». Halaber, urte askoan «baztertuta» egon direla gogoratu du Otaegiren senitartekoak, «ahaztuta». Orain «garrantzitsuena» jendeari Txikiri, Otaegiri eta «gainontzeko guztiei» zer gertatu zitzaien jakinaraztea da haren arabera. «Injustizia hura gertatu zela zabaltzea beharrezkoa da, epaiketa eta arrazoi zehatzik gabe hil zituztela jendeari jakinaraztea».