Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Auzokonposta egitasmoa jarri du martxan Zumaiako Udalak, eta pasa den astean egitasmoaren berri emateko bilera informatiboak antolatu zituzten Oikian eta herrigunean. Hasiera batea herriguneko auzokonposta gunea Puntanuetan jartzeko asmoa zuen udalak. Dena dela, bileran hainbat auzotako herritarrak bildu ziren eta agertu zuten interesaren aurrean, herriguneko beste hainbat auzoetan ere konposta guneak ezartzea aztertzen ari dela jakinarazi zuen udalak.
%20eko hobaria
Auzokonposta egitasmoan zumaiar orok parte hart dezakeela argi utzi du udala. «Etxean zein auzolanean konposta egiteko sistemak abantailak besterik ez ditu: hondakinak murrizten dira, zabortegietako eragin kaltegarriak saihesten laguntzen du, ingurumena errespetatzen du eta dirua aurrezten da», azaldu du Zumaiako Udalak. Hori kontuan hartuta, Zumaiako Udalak zaborraren tasan %20ko hobaria aplikatzen die konposta egiten duten herritarrei.
Auzokonposta egitasmoan oraindik izena eman ez dutenek edo proiektuaren inguruko informazio gehigarria nahi dutenek 616-22 60 50 telefono zenbakira hots egin edo
auzokonposta@gmail.com helbidera idatz dezakete.
Zarautzen Zero Zabor bilerak
Zarautzen birziklatze eta berrerabitze filosofia herritarren artean zabaltzeko ahalegin berezia egten ari dira. Ildo horretan, Zero Zabor Taldeak hondakinen kudeaketaren inguruko aurkezpen sorta antolatu du datozen asteetarako. Bilerak auzoz auzo egingo dituztela azaldu dute Zero Zabor taldetik, eta galdera bat izango dute ardatz: Zero zabor posible al da atez atekorik gabe?
Gaur izango da lehenbiziko saioa, Azken Portuko kristau biltokian 19:00etan. Gipuzkoa zein Zarauzko Zero Zaborreko kideek parte hartuko dute bilerotan.