Mugibil proiektua aurkeztu berri dute. Erretiratu eta adineko pertsonei zuzendutako egitasmoa da, bizpahiru ibilbidek osatzen dute eta helburu bakarra du: parte-hartzaileek aisialdiko jarduerak eta ariketa fisikoa egitea, taldean, osasuna eta sozializazioa sustatze aldera. Ildo horretatik, Osakidetzarekin elkarlanean aritu da udala, Zarauzko Osasun Zentroko sendagileek errezeta moduan emandako gimnasia ariketak hartzen ditu bere baitan.
Horrekin batera osatu dute Zarauzko Udaleko Gizarte zerbitzuek ekimena, Matia-Ingema entitateak lagunduta, eta Eusko Jaurlaritzak ere diru laguntza bidez hartu du parte. Horrez gain, Udaberri erretiratuen elkarteak eta Kostan elkarteak ere parte hartze zuzena izan dute, “uneoro”, proiektua aurrera eramaterako garaian. Adinekoen zinegotzi Karmele Alberdi, Gizarte teknikari Pablo Etxeberria, Udaberri erretiratuen elkarteko lehendakari Uxue Ortiz de Zarate, Matia-Ingema elkarteko Leire Garcia, Kostan elkarteko Maria Jesus Tomas eta Simon Ubeda proiektuaren sortzaileak egin dute aurkezpen eguerdian, besteak beste.
“Zarauzko badu kirol kultura handia, kirol elkarte sendoak, txapelketa garrantzitsuak eta instalazio egokiak. Eta erretiratuek ere kultura horretan murgiltzea da xedea, hau da, beren eguneroko edota bizitzan ekitnza fisikoa lantzeko aukera izatea”, nabarmendu du Alberdik. Garciak jakinarazi duenez, lehenbiziko hilabetetan kirol begirale batek gidatuko ditu taldeak. Talde horiek Zinema pilotalekuan, Gaztelekuan, elkartuko dira, eta bertan begiraleak luzapen fisikoak egiten erakutsiko die, ibiltzen hasi aurretikoak zein ibilbidea osatu ondoren egin beharrekoak ere. Aldi berean, ibilbidearen hainbat geralekutan egongo diren gimnasia aparatuak nola erabili azalduko diete parte-hartzaileei.
San Pelaio eta Salbideko buelta
Ortiz de Zaratek esan du astean bitan egingo dituztela ibilbideak: asteartetan, 10:00etatik aurrera, eta ostegunetan, 15:00etan. Ibilbideak ere bi izango dira: Salbideko buelta eta San Pelaioko buelta. “Gutxikin hasiko gara, eta jendea gehituz doan heinean, zabalduko dugu”, ohartarazi du Adinekoen zinegotziak. Izan ere, udalak Mugibil proiektua arrakastatsua izango dela uste du.
Horiek Salbideko parkean eta Tren geltokiaren ondoko jolastokian, Lapurdi kalean, kokatuko dituzte. “Aparatuak eskatuta daude dagoeneko, Jaurlaritzak diruz lagunduta ezarriko ditugu”, adierazi du. Ordubeteko saioak izango dira, luzapen eta guzti. Doan izango dira, eta parte-hartzaileei zirak eta podometroak banatuko zaizkie, talde bereko partaideak identifikatu eta egunean zenbat pauso ematen dituzten zenbatzeko.
Udaberriko lehendakariaren arabera, lehen taldeak azaroaren azken astean jarriko dira martxan. Interesa dutenek, Udaberri elkarteko bulegoan eman beharko dute izena, 10:00-12:00 bitartean. Informazio zabalagoa eskuratu nahi dutenek ere bertara deitu beharko dute, 943-133302 telefono zenbakira.
