Agripir Europar mailako proiektua aurkeztu dute gaur Loiola Berrikuntza Fundazioko zuzendaria den Begoña Beobidek, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak eta Kataluniako Generalitatearen Ikerkuntza-Institutko ikertzailea den Antoni Dalmauk. Egitasmoak lehenengo sektorean jarduera berriak sortzea du helburua, eta horretarako teknologia berriak ezarriko dituzte mendiko nekazaritzan. Egitasmoa Euskal Herriko, Kataluniako eta Frantziako akitania inguruko 13 bazkidek osatu dute. Horietako bat da Loiola Berrikuntza, eta datozen bi urtetan mamituko dute proiektua. Bost proiektu nahi dituzte aurrera eraman: kudeaketa eletronikoaz bazkalekuen ustiaketa hobetzea, mendiko esne-biltzearen automatizazioa, eta abereen osasunari dagokion diagnostiko goiztiarra uztartuko dituztela adierazi dute arduradunek. Horietatik egitasmo pilotu bat, gainea, Urola bailaran egingo dutela jakinarazi du Beobidek; abereentzako hesi fisikoak kendu nahi dituzte, eta horren ordez barrera "birtualak" jarriko dituzte; "animaliari aginduko diete leku batera ezin dutela pasatu. Txip bat jarriko diete, eta horren eraginez nekazariak animaliaren informazioa eduki ahal izango du; non dagoen, zer egoeratan...", adierazi du Dalmauk. Oraindik zehaztu gabe dute proiektua, eta animaliak bere muga ez igarotzeko jasoko duen "estimulua" ikertuko dute, besteak beste. Loiolan elkartu dira gaur Agripir-eko 13 bazkideak eta lehen sektoreko eragileak, erakundeak eta ikerketa zentroak. Bertan lau tailer tematiko egin dituzte, euren egoeraz hausnartzeko asmoz; "ikusten dugu tokian tokiko arazoak berdinak direla nekazaritzaren inguruan, eta egoera horietatik abiatuta egitasmo berriak sortzea da helburua", adierazi du Beobidek. Horien "beharrizanei" erantzuteko asmoz, "jokabide egokiak" eta "teknologia maila handiko I+G proiektuak" landu dituzte. Bertan izan dira Urkome eta Hazi erakundeak, besteak beste.